"Antxo ez da hil, hil egin digute. Espainiako Estatua eta une honetan sakabanaketaren erantzule nagusia den Alderdi Popularra dira Antxoren heriotzaren erantzuleak", esan zuen Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, larunbatean, Xabier Rey omendu eta sakabanaketarekin amaitzeko eskatzeko manifestazioan.
Jendetza batu zen -9.000 lagun inguru, antolatzaileen esanetan-, gehienek isilik egin zuten ibilbidea, dispertsioaren eta presoen etxeratzearen aldeko oihuak egon baziren ere. Aldarririk ez zegoenean, baina, ixiltasuna zen nagusi. Manifestazio hasieran, joareak jo ez zituzten joaldunak eta dantza egin ez zuten dantzariak, xingola beltza zeramaten denek, Reyren heriotza salatzeko.
Amaieran, Patxi Reyk, Xabi Reyren anaiak, hartu zuen hitza. Kartzelak eta sakabanaketak eragindako mina gogoan hartu eta heriotzaz geroztik jasotako babesa eskertu zuen: "Hau da zuk amesten eta desio zenuen Euskal Herria, Xabitxu. Ez da ametsa, errealitatea da".