Irratia

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa

13 atal entzuteko
Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x13 | Bibotearen kalteak eta bertze kalte batzuk
2026/01/22

Gaur kontinente bakarrean ibili gara, baina alderik alde zeharkatu dugu, iparretik hegora. Britainia Handiaren kolonia izan zen horretara joan gara lehendabizi. Good Boy (Ben Leonberg, 2025) filma komentatzera. Handik salto egin eta Argenitanan erori gara, atso ero baten atzaparretan erori ere: Vieja loca (Martín Mauregui, 2025) izan baitugu mintzagai. Gustatu zaizkigu? Gomendagarriak dira? Hori jakiteko, podcasta aditu beharko duzue nahitaez.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x12 | Bikiak
2026/01/15

Aste honetan, Irlandara joan gara, Donostiako Beldur Aste batean huts egin genuen filma ikusi baitugu behingoz: Oddity, 2024an Damian McCarthyk zuzendua. Eta zinez gustatu zaigu.

Bidenabarkoan, AEBn lagun bati bisita egin diogu: Osgood Perkins, haren film The Monkey komentatu baitugu. Ez da gure podcastera ekarri dugun lehen aldia, eta segur aski ez da hondarrekoa izanen. Filmak komentatu bitartean, honetaz eta horretaz ari gara erausian.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x11 | Antzinako idoloei deika
2026/01/08

Olentzerori idatzi diozue Eguberri hauetan? Errege magoei? Guk zuzen-zuzenean Cthulhuri deitu diogu, eta, zer nahi duzue, erratea, telefonoa hartu digu. Horren emaitza da aste honetan dakarzkizuegun bi filmak: The Void (Steven Kostanski & Jeremy Gillespie, 2017) eta Strange Harvest (Stuart Ortiz, 2024). Bietan antzinakoei deika ibili dira protagonistak, eta horrek ez du inoiz ondorio onik ekartzen.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x10 | Eguberriak, kranpusak eta matxiruloak
2025/12/18

Eguberriak ospatzeko, zer eta eguberrietan giroturiko bi film ekarri ditugu gaurkoan. Gure estilokoak. Lehendabizikoan, Santa Klausen ifrentzu iluna dugu protagonista, Kranpusa alegia; bigarrenean, etxera bisitan etorriko dena ez da preseski Olentzero izanen. Edo, hobeki erranda, ez da inor etxera sartzen saiatuko, arriskua barnean baitago. Zein diren bi film horiek? Bada, hori jakin nahi baduzue, gaurko saioa entzun beharko duzue preziso.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x9 | Erizainak, gizotsoak, lehengusuak, osabak
2025/12/11

Komedia ez diren bi komedia ikusi ditugu aste honetan. Lehendabizikoa, AEBko Arkansaseko ospitale batean gertatzen da, zeinean langileek pazienteak zaintzen ez bertze zeregin frankotan ematen duten denbora, hala nola drogatzen eta organoekin trafikatzen. Brea Grantek zuzendu zuen 2020an.

Arkansaseko ospitale hori alde batera utzita, salto egin dugu Frantziako herrixka batera. Han, Teddy ezagutu dugu, zeinari basoa piztia batek hozka egin dion... Ludovid eta Zoran Boukherma anaiek zuzenduriko filma da, 2020koa hau ere, aurrekoa bezala.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x8 | Hildako gauzei bizitza eman
2025/11/27

Ez da beti gertatzen, baina aste honetan aunitz gustatu zaizkigun bi film izan ditugu mintzagai. Robert Morganen Stopmotion (2023) da lehendabizikoa, eta stop motion teknika erabiliz filmak egiten dituen zinemagile baten amesgaiztoak kontatu dizkigu zuzendariak. Bigarrena Bring Her Back (2025) da, Michael eta Danny Philippou anaiek filmatua.

Pertsonaia gutiko filmak dira biak ala biak, baina intentsitate handikoak. Arrunt gomendagarriak. Zergatik diren gomendagarriak? Bada, hori jakiteko, gure podcasta aditu beharko duzu.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x7 | Umore britainiarra
2025/11/20

Sasi guzien gainetik eta Brexitak ezarritako muga guzien azpitik, Erresuma Batuko bi film hautatu ditugu aste honetarako. Alde batetik, In Fabric, Peter Strickland-ek 2020an filmatua, eta, bertzetik, Get Away, 2024koa, Steffen Haars-ek zuzendua. Azken honek Krazy House zuzendu zuen 2024an eta anitz gustatu zitzaigun; gainera, hartan bezala, gaurkoan saiora ekarri dugun horretan ere Nick Frostek hartu du parte. Itxaropen handia genuen Get Away filmarekin. Itxaropen hori bete ote duen jakin nahi baduzu, bada, podcasta aditu beharko duzu...

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x6 | Donostiako kronika beldurgarria (II)
2025/11/13

Heldu da gure bigarren kronika: hiru egunean denetarik ikusi dugu, film laburrak, nahiko laburrak diren film motzak, animaziozko film luzeak, grazia handirik ez zuten komediak, diru handirik ez baina ideia onak zituzten filmak... Erran bezala, denetarik; eta, normala den bezala, batzuk bertze batzuk baino gehiago gustatu zaizkigu. Zein bai eta zein ez jakin nahi baduzu, aski duzu gure saio hau aditzea.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x5 | Donostiako kronika beldurgarria (I)
2025/11/06

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean ibili gara, eta, luzamendutan ibili gabe, kronika prestatu dizuegu, bi partetan partitua eta berezia. Lehendabiziko honetan, asteburuko filmak komentatu ditugu, ortziraletik igandera bitarte emandakoak. Haien artean, Paul Urkijoren Gaua izan dugu mintzagai. Baina ez hori bakarrik, jakina. 

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x4 | Iluntasunaren maila gorena
2025/10/30

Aste honetan, Frantzia aldera joan gara. Eta Belgika aldera ere bai. Edo Frantzia aldera, baina AEBn barna. Edo... Tira, Pascal Laugier zuzendari frantsesaren Ghostland (2018) izan dugu mintzagai. Ingelesez dago filmatua, baina, hizkuntza alde batera utzita, gauza aunitzetan haren Martyrs (2008) gogora etorri zaigu.

Eta gero, bai, Belgikara, frantsesez egindako film bat ikustera: Megalomaniac (Karim Ouelhaj, 2022), film ilun-ilun-iluna. Eta ez, guk ere ez dakigu zergatik duen Megalomaniac izena.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x3 | Gizarte zuria, magia beltza
2025/10/23

Denboraldi honetan ere, AEBtik ihes egiten saiatu nahi dugu, jakinda beti ez dela posible izanen. Gaurkoan, Pakistanera eta Indonesiara joan gara bisitan.

In Flames (Zarrar Kahn, 2023) izan da ikusi dugun lehen filma, zeina amengandik alabengana bidaiatzen duten traumez eta emaztekiek jasaten duten bortizkeriaz mintzatzen baita.

The Queen of Black Magic (Kimo Stamboel, 2019) da gure bigarren filma, eta sekretuz eta magia beltzez beteriko umezurztegi batean gertatzen da.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x2 | Bekatariak eta armak
2025/10/16

Zinema aretoetan izan ditugu bi filmak joan diren hilabete hauetan, eta biak gustatu zaizkigu. Sinners (2025) Ryan Cooglerrek zuzendu du. Zuzendaria ezagutzen genuen, Marvelendako Pantera Beltzaren filmak egin baititu, baina Sinners-ek ustekabean harrapatu gaitu. Weapons (2025) filmeko zuzendaria ere, Zach Cregger, ezaguna zen lehenagotik, Barbarian zuzendu baitzuen. Ez dakigu Barbarianen mailara ailegatzen den, baina Weapons ere gustuko izan dugu.

Konpainia Karrikako Amesgaiztoa 4x1 | Jainko paganoen bidetik
2025/10/09

Anitzetan, udan herrira itzultzeko aukera izaten dugu, jatorrira, sustraietara. Guk, etxetik mugitu gabe ere, arbaso paganoen errituetarainoko bidaia egin dugu, eta folk horror generoko hiru film ikusi ditugu. Klasiko handi bat, Eskozian kokatua: The Wicker Man (Rob Hardy, 1973). Ingalaterran giroturiko film bat, Lord of Misrule (William Brent Bell, 2023). Eta, azkenik, Irlandan gaelikoz egindako film bat: Frewaka (Aislinn Clarke, 2024). Euskaraz ere ikusi nahiko genuke horrelako zerbait.

.2..