Elhadji Ndiayeri azken agurra eman diote Arrotxapean

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 9a, 13:14

Argazkia: Ndiayeri azken agurra emateko asteazkenean Arrotxapean egindako elkarretaratzea. / SOS Arrazakeriaren Facebooketik hartua

Asteazkenean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek Martzelo Zelaieta kalean, Ndiaye atxilotu zuten toki berean, haren gorpua Senegalera eraman zutela eta azken agurra emateko.

"Justizia" aldarrikatzen jarraitzen dute hainbat eragilek eta herritarrek Elhadji Ndiayeren heriotza argitzeko, azken ekimena, asteazkenean; haren gorpua Senegalera eraman zuten egun berean, elkarretaratzea egin zuten Arrotxapea auzoko Martzelo Zelaieta kalean, hau da, Udaltzaingoak atxilo hartu zuen tokian.

Udaltzainek eraman zutenean, konorterik gabe zegoela ikus daiteke sareetan zabaldutako bideo batean. Zalantza, airean, beraz: "Zer gertatu zen?". Hori da SOS Arrazakeriak mahaiaren gainean behin eta berriz jarritako galdera.

"Elhadji Ndiayeren heriotzari emandako tratamenduak argi eta garbi adierazten du bizitza guztiek ez dutela berdin balio", salatu du SOS Arrazakeriak. Sistemarteko indarkeriaren aurpegi guztiak aitatu ditu arrazakeriaren kontrako eragileak, zapalkuntza anitzak: "Generoak, arrazak eta klaseak zehazten dute gorputz batek balio duena; bizi batek balio duena; heriotza batek balio duena". "Beltza bazara, komisaldegian hil zaitezke, atxiloketa bortitz baten ostean, eta inork ez du azalpenik emateko beharra ikusten, kontuak emateko asmorik ez dago, ez da erantzunik ez ondoriorik aurreikusten".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!