Elhadji Ndiaye omen zen bere izena, konfirmazio ofizialik egon ez delako oraindik. Asteartean hil egin zen Iruñeko Txintxilla kaleko komisarian. Komunikabideen eta gizartearen xenofobiaren ondorioz beltza dela badakigu, Senegalekoa omen zen. Hiru egun pasa dira ezbeharra gertatu zenetik eta ez dakigu zer gertatu zen Martzelo Zelaieta etorbidean gelditu zutenetik hilik zegoela konfirmatu arteko orduetan.
Hedabide batzuk berehala beltz bati dagozkion estereotipoak egokitu zizkioten pertsona horri: poltsikoan droga zuela, bortizkeria erabili zuela... Baina errealitatea da informazio falta dela, ez baitakigu zer gertatu zen. Ziurtatu daitekeen gauza bakarra da gazte bat hil egin dela komisarian aste honetan.
Joan den astean Altsasun gertatutako liskarraren garapen komunikatiboaren ondoren, harrigarria da egunotan ikusten ari garena: heriotza batek ondorio juridiko, politiko edo teknikorik ez izatea. Polizi buruek ez dute gertatutako argitu, arduradun politikoek ez dute txintik esan eta hedabideek ez dute Guardia Zibil batek jasan dezakeen erasoaren mailan kokatu.
Hildakoa beltza zelako izanen da? Hildakoa pobrea delako izanen da? Inporta ez zaigun pertsona zelako izanen da? Gizarte eta erakunde xenofoboak ditugulako izanen da? Galdera hauen baiezko erantzun borobila gizarte tamalgarri baten irudia ematen digu.