Laneko lehen egunean emakumea pozik joan zen erakunde prestigiotsu hartako bulego eta korridoreak garbitzera. Eta lehen egun hartan argi esan zioten: "Lanean ari zarela ez agurtu bertako langileak". Bere lana bukatua zuela eta, egun batean lankide bat laguntzera joan zen, baina errieta egin zion arduradunak: "Lankideok ezin genuen elkar lagundu". Erabat kontrolatua zegoen: "Garbiketa saileko arduradunak salatari bana zeukan talde guztietan". "Oso zaila zen gainontzeko garbitzaileekin harreman ona edukitzea: lehia bizia zegoen gure artean. Bertan pasatu nituen nire bizitzako hilabeterik txarrenak".
CCOO sindikatura ere jo zuen konponbidearen bila: "Opus harresi handi bat zela besterik ez zidaten esan". Carmen Marin iruindarraren testigantza da. Opuseko departamentu batean garbitzaile gisa aritutako denboran jasotakoak kontatu ditu ARGIA aldizkarian.
Jakina, Iruñeko Polizia Nazionalaren komisaldegian hildako Elhadji Ndiaye ginearraren kasuarekin erkatuta ez da ezer, baina zapalketa txikitik dator handia. Carmenek kontatu egin du. Ez da erraza, baina behin ere ez da berandu. Eskerrik asko Carmen!