Hilabete baino gehiago pasa da Elhadji Ndiaye Chinchillako komisaldegian hila agertu zenez geroztik. Senegaldarra zen gizona, eta Espainiako poliziak hartu zuen atxilo Arrotxapean "bortxaz", gerora hainbat lekukok adieraziko dutenez. Horregatik, kalera atera ziren 1.500 lagun larunbatean, justizia aldarrikatu, eta heriotza argitu dezaten eskatzeko: "Carmen Alba egia nahi dugu" eta "Paperak denontzat!" aldarriak izan ziren nagusi.
Nola hil zen?
Mobilizazioaren antolatzaile Iñaki Redinek "informazio eza" kritikatu du: "Informazio ofizialak eskasak izan ziren, poliziak prentsa ohar bat igorri zuen, eta hainbat galderek erantzunik gabe segitzen dute: zergatik gelditu zuten? Zer gertatu zen horrelako atxiloketa bortitza izateko? Zer gertatu zen poliziaren zaintzapean zegoen bitartean? Utzikeria izan zen? Zer dela eta hil zen? Nola?".
Sos Arrazakeria, Salaketa eta Iruñeko Senegaldar Komunitatea parlamentura joan ziren, hain justu, Espainiak Nafarroan daukan gobernu ordezkari Carmen Albaren agerraldia eskatzeko, hark ordea uko egin zion azalpenak emateari. Orain, Espainiako Kongresuan deklaratu dezan nahi dute.
Herri akusazioaren bidea
Zein bide hartu aztertzen ari dira orain Niayeren heriotza argitu nahi dutenek. Herri akusazio gisa azaltzea ere buruan dute herri mugimenduko zenbait eragileek; aurrena, dena dela, haren familiak zein urrats eginen dituen ikusi nahi dute.
"Gizarte mugimendu ezberdinek Iruñeko 5. Instrukzioko epaitegian ireki den prozedura judizialean herri akusazio gisa agertzeko aukera aztertzen ari gara", esan du Redinek.
Profil etnikoa, bazterketa gai
Poliziak profil etnikoaren arabera herritarrak identifikatzen jarraitzen duela salatu dute. Horregatik, "edozein pertsona identifikatzeko edota atxilotzeko unean, giza eskubideen erabateko errespetua" exijitu dute.