Sei hilabeteko epea dute Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformako kideek gutxienez 5.000 sinadura bildu ahal izateko eta aurkeztu nahi duten herri ekinaldi legegilea parlamentura iritsarazteko. Horretarako, atzo arratsaldean Patxi Larraintzar Iruñeko ikastetxe publikoan aurkeztu zuten kanpaina: sinadura bilketa egiten ari dira eta ahalik eta azkarren lortu nahiko lituzkete planteatutako ekimena legebiltzarrera iritsi ahal izateko.
Sustatzaileak Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak, Nafarroa 0-3 plataformak, Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteak eta Sortzen federazioa dira eta boluntario andanaren laguntza izaten ari dira parlamentuak ezartzen duen gutxieneko sinadura lortu ahal izateko. Nafarroako Gobernuaren jarrera gaitzetsi dute ekimenarekin hasi zirenetik berehala ateak itxi zizkietelako egiten zuten eskariak ez zuelako bideragarritasun ekonomikorik arrazoituz.
Ratioak jaistea ezinbestekoa dela sinetsirik daude ikasleei arreta egokia bermatzeko, eskola porrota murrizteko, jazarpenari aurrea hartzeko eta aniztasunari arreta hobea emateko. Horregatik kanpainarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak: adinez nagusi diren nafarrek sinatu ahal dute eskaera.