Entzutekoak

Laura Perez: "Hezkuntza publikoan ratioak jaitsi eta blindatzeko eskatzen ari gara"

Euskalerria Irratia

Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak agerraldia eta batzarra izan zituen atzo. "Kezkatuta" daude ikasle-ratioak "handiegiak" direlako zenbait ikasgeletan eta horrela "ezin zaielako" ikasleei behar duten arreta eskaini; datuetan ere islatzen dela uste dute, azkenekoa, PISA txostenaren emaitza "penagarrietan".

Ratioak jaisteko eskaera eginez zenbait pausu eman dituzte Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformako kideek: mobilizazio eta grebak, Arartekoaren aurrean kexak, Nafarroako Parlamentuan lege bidez blindatzea eskatzea… Oraingoz babes hitzak baino ez dituztela jaso jakinarazi dute.  "Gobernuak orain du aukera bide emateko maiatzean aurkeztu genuen Herri Ekimen Legegileari. Horrek ziurtatuko lituzte ratio bidezkoak hezkuntza publikoan", azaldu du Laura Perez plataformako kideak. 

"Ez da arazo ekonomikoa ratioak ez jaisteko arrazoia", kritikatu dute. Izan ere,  hezkuntza departamentuak berak 131 milioi eurotan kokatu zuen zenbatekoa etapa guztietan ratioak jaitsi ahal izateko eta "egingarria" dela iruditzen zaie. Lehentasuna beharko luke izan hezkuntzaren kalitatea bermatzeko ikasleen kopuruak ikasgeletan jaistea: "neurri hori ezinbestekoa da haur eta nerabeei arreta egokia emateko, eskola porrota murrizteko, jazarpenari aurrea hartzeko eta aniztasunari arreta hobea eskaintzeko", azaldu du. Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak atzo helarazi zuen bere kezka eta batzarra ere egin zuen. Hezkuntza komunitateak eta bereziki gurasoak prest daude aurrera pausoa eman, indarrak batu eta ikasleen beharrak aseko dituen baldintzak eskatzeko: "ikasle guztieu hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, jatorria edo baldintza ekonomikoak edozein direla ere".

Gogoan izan dute itunpeko ikasgelak blindatu dituzten bitartean azken hamar urteotan itxi diren ikasgela kopururik handiena, %87, sare publikoan izan dela. Laura Perezi elkarrizketa egin diote Euskalerria Irratian. Argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!