337 greba egun pilatu ditu Elizondoko Benito Menni egoitzako lan-taldeak. Prekarietatea salatzen ari dira eta enpresak irabazi ekonomikoak lehenestea guztiaren gainetik. Hermanas Hospitalarias da egoitzaren kudeatzailea, baina zerbitzu publikoa eskaintzen dute Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena izanda. Langileek urteko gutxieneko soldata 22.400 euro gordinekoa izan dadila eskatzen dute hitzarmen bidez, lanaldia murriztea eta lan baldintza egokiak izatea erabiltzaileenganako arreta duina ziurtatu dadin. 2024ko abenduan greban hasi zirenetik hamarnaka mobilizazio egin dituzte euren egoera "penagarria" salatzeko eta gaur Iruñean egin dute protesta. Izan ere, Hermanas Hospitalarias eta Fundacion Hospitalariasek Emakumeen ahalduntzea Osasun Mentalean izeneko jardunaldia antolatua zuen eta langileei "gustu txarrekoa" iruditu zaie euren egoera zein den kontuan hartuta. Euskalerria Irratian ELA sindikatuko Benito Menni egoitzako ordezkari Eva Arrietarekin hitz egin dute. Argazkian klik eginda entzun daiteke elkarrizketa.