D ereduak 10 urte bete izana ospatzeko eta eredua abiarazi zuten familien lana eskertzeko ekitaldia eginen dute Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak Caparroson. "40 haur inguru dira eskolan D ereduan, gehienak Caparrosokoak bertakoak, baina beste batzuk Arrada, Zarrakaztelu eta ingurukoak ere bai. Familiek zonalde hartan egindako esfortzua eskertzeko ekitaldia izanen da", azaldu du Kike Diez Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko kideak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan (entzungai argazkiak klik eginda). "Halako pizgarri bat izanen da haur euskaldunentzako bai eta gurasoendako ere, egin duten ahalegin handia bere fruituak ematen ari delako, besteak beste, lehen promozioa institutura iritsi baita", gaineratu du. 100 euroko txartel bana banatuko diete lehen hezkuntzako ikasleei, ttikieneei, zikloari emanen zaio, Haur Hezkuntzari: "Txartel horien bidez Iruñeko Karrikiri dendan trukatzeko aukera izanen dute", azaldu du Diez Ulzurrunek.
Caparroson ekitaldia eginen duzue. Zein asmorekin?
Hango D ereduak hamar urte bete ditu eta hori ospatu nahi dugu bertako familia euskaltzaleekin batera. Caparroson ederki kostata zabaldu zen duena hamar urte D eredua eta hori ospatzera joanen gara.
Euskaraz bizitzearen saiakera, esfortzua tamalez ez da bera Nafarroako iparraldeko herrietan edo hegoalderagokoetan. Hori balioan jarriko duzue?
Nafarroa oso desberdina da eta garrantzitsua iruditu zaigu euskararen sustapena egitea. 40 haur dira, Caparrosokoak baina baita inguruko herrietakoak. Eskualdeko euskaltzaleak batuko dira.
Nortzuk elkartuko zarete?
Euskaltzaindiako eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioko kideak izanen dira. Diplomak eta 100 euroko txartelak banatuko dira, Karrikiri Euskal Dendan trukatu dezaten. Maiatzaren 10ean 12:30ean izanen da ekitaldia. Bideo bat ere ikusiko dugu.
Oker ez banaiz ez da lehen aldia halako ekitaldia egiten duzuena, eta ez da azkena izanen?
Ez da lehen aldia. Duela bi urte Mañeru eta Zirauki inguruan egin genuen. D eredura haur gutxiago doaz baina horiei ere balioa eman behar zaie.