Mañeruibarko haur euskaldunak omendu dituzte Euskaltzaindiak eta IKF fundazioak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko mai. 26a, 18:31

Atzo eguerdian, Meñeruko herriko plazan egindako ekitaldian, diploma bana eman zieten zortzi eta hamabi urte arteko ibarreko 45 haur euskaldunei. Horretaz gain, Oskar Alegriak umeokin ondutako film laburra estreinatu zuten.

“XX. mendearen hasieran hil ziren ibarreko azken euskaldun zaharrak, baina horri buelta eman diote, eta egun haurren %95 D eredura doaz, euskara betidanik berea izandako lurraldeetako bat berreskuratzen ari da. Hori nabarmentzera eta eskertzera etorri gara, udalekin elkarlanean”, hala laburbildu zuen atzoko ekitaldia Kike Diez de Ultzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko kideak. “Haurrei, familiei eta udalei eskerrak eman behar dizkiegu egiten ari direnagatik, indarrean dagoen Euskararen Legeak ez baitie euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen”, gaineratu zuen Sagrario Alemanek, Euskaltzaindiaren izenean.

Hiru seme-alabaren guraso Elenak eta Asierrek ibarrean ez aspaldi gertaturikoak ekarri zituzten gogora: “Mañeruko eskola itxi behar izan zuten ez herrian haurrik ez zegoelako baizik eta D eredua ez zutelako eskaini nahi. Ez dute Mañeru eremu mistoan sartu nahi izan, eta gauzak horrela, egun, XXI. mendean, gure seme-alabek eskubide gutxiago dauzkate alboko herrietakoek baino. Garesera joan behar izaten dute eskolara, euskaraz ikasi ahal izateko”. “Gure asmoa da lanean segitzea, gauzak mugitzea, gure herria behingoz eremu mistoan sar dezaten”, hitz eman zuen Mañeruko alkate Itziar Martinezek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!