Lorea Flores (Greepeace): "Arrazoi eman digute, baina arinegia da zigorra kaltearekiko"

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 28a

Iruñeko Zigor Arloko 2. Epaitegiak urtebeteko kartzela zigor bana ezarri die Caparrosoko makroetxaldeko enpresaren bi zuzendariri, ingurumenaren kontrako delituengatik. 2021ekoak dira gertakariak, eta irailaren hasieran hasi zen epaiketa. Epaileek ebatzi dute baimenik gabeko ureztatze sistema bat erabili zuela enpresak, baita Aragoi ibaira isurketa kutsagarriak egin zituztela ere. Kartzela zigorrez gain, 4.200 euroko isunak ordaindu beharko dituzte, eta hamalau hilabetez ezingo dute abeltzaintzarekin lotutako lanik egin. Greenpeace eta Sustrai Erakuntza talde ekologistak herri akusazio gisa aurkeztu dira epaiketan: "Sortutako kaltea zenbaterainokoa den ikusita zigorra arinegia da, baina behintzat arrazoi eman digute". 

Greenpeace eta Sustrai Erakuntza talde ekologistak herri akusazio gisa aurkeztu dira Caparrosoko makroetxaldearen arduradunen kontrako epaiketan. 2021ean egin zituzten zenbait isurketa baimenik gabe egin izanagatik jo dute auzitara. Enpresak soilik zisterna kamioiekin ureztatu zezakeen, baina aspertsore mugikorren bidez ureztatzen zuten, baimenik eskatu gabe. Gainera, makroetxaldearen inguruan kontserbazio bereziko eremu bat dago; bada, 2021eko urtarrilean ondo neurtu gabe ureztatu zuten, eta ez ziren moldatu une hartako baldintzetara. Euri askoko egunak izan ziren, eta epaileek ebatzi dute digestatoa zuen ureztatze hori Aragoi ibaira iritsi zela, baita bertako putzu batera ere. Iruñeko Zigor Arloko 2. Epaitegiak urtebeteko kartzela zigor bana ezarri die Caparrosoko makroetxaldeko enpresaren bi zuzendariri, ingurumenaren kontrako delituengatik. Greenpeacek eta Sustrai Erakuntzak eskatu zuten zigortutako bi horiez gain beste hiru zuzendari ere zigortzeko: hiru urteko kartzela zigor bana eskatu zuten guztientzat. Hala ere, azkenean zigortuak izan diren biak soilik epaitzea erabaki zuen fiskaltzak. "Nahiz eta ez gaituen guztiz asebete epaiak pozik gaude arrazoi eman digutelako hein batean", azaldu du Greenpeace erakundeko kide Lorea Floresek. Euskalerria Irratian elkarrizketa egin diote Lorea Floresi eta argazkian klik eginda entzun daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!