Etxegabetze bat izaten ari da Burlatan

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 9a

Haritu etxebizitza sindikatuak, Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Berriozarko PAH-k Burlatan goizean izan den etxegabetzea salatu dute.  "Bi adingabe dituen familia etxebizitzarik gabe geratu daiteke" ohartarazi du ohar batean. 09:00etarako deitua zuten "erresistentzia protesta" baina Espainiako polizia Burlatako San Frantzisko kalean zen 07:00etan eta ingurua hesitua du ordutik. Kazetariak identifikatzen ari da. 

Duela aste batzuk izan genuen kasu horren berri, Haritu, Berriozarko Etxe Kaleratzeen Kontrako Plataforma eta Kontseilu Sozialistak egindako salaketaren bitartez. Familia horrek urtebete baino gehiago daramala alokairuan jakinarazi zuten "oinarrizko baldintzak ere betetzen ez dituen" etxebizitza batean. "Iruzur baten biktimak" ere badirela kritikatu dute, legez kanpoko azpierrenta batean baitaude. Jabeak etxebizitza berreskuratu nahi du eta familiak alternatibak aztertu baditu ere ezinezkoa zaio neurrigabeko prezioetan dauden alokairuak ordaintzea. Beraz, kalean gera daitekeela jakinarazi dute kolektiboek.

Talde horiei onartezina iruditzen zaie familia bat kalean geratzea etxebizitza bat izateko "baliabide nahikoa" duen gizarte batean. Etxebizitzaren negozioaren "konplize" izatea leporatu diete erakunde publikoei "negozioa sostengatzeagatik eta babesteagatik". Irailaren 25ean Burlatako osoko bilkuran hartu zuten parte kolektibo horiek, eta han exijitu zieten egoera zaurgarrian dagoen familiari benetako alternatiba bat eskaintzeko.

Bere esku dagoena egin duela jakinarazi du udalak

Burlatako Udaleko iturrien arabera, "partikularren arteko auzia" izanda ere udalak "ahalik eta kudeaketa gehien" egin ditu kaleratzea saihesteko. Burlatak 53 etxebizitzako udal-parkea eta tutoretzapeko 8 apartamentu dituen arren, une honetan,  "ez du ezer erabilgarri". Egoera horri aurre egiteko, esku-hartze bat egin du oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin 2024ko urtarrilaz geroztik; lehenik eta behin, lehentasuna eman zaio oinarrizko beharrei erantzuteko gutxieneko diru-sarrera batzuk lortzeari, bai eta adingabeen ongizateari eta hezkuntzari buruzko beste neurri batzuk lortzeari ere, adierazi du udalak. "Are gehiago, zaurgarritasunari buruzko txosten bat ere egin da, etxegabetzea atzeratzea ahalbidetu duena, egoerari aurre egiteko denbora gehiago lortzeko", azaldu du. Denbora horretan guztian, gobernu-taldeak hainbat bilera egin ditu kaltetutako familiarekin eta berarekin doazen gizarte-kolektiboekin, bai eta jabearekin ere, gizarte-zerbitzuek ere esku hartu dutelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!