Manex Mantxola (Kontseilua): "Urrunegi joan dira epaitegiak"

Maialen Huarte Arano 2025ko mai. 22a, 13:21

Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak ontzat jo du berriki UGTk jarritako helegitea eta ondorioz euskara ez da merezimendu izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tuterako kanpusean lan egiteko: "Gaztelaniaren nagusitasuna defendatzen ari dira kosta ala kosta", salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Merezimenduen Dekretuak Nafarroako herritarrak eta euskara mespretxatzen eta gutxiesten dituela agerian geratu da beste behin Kontseiluaren ustez. 

"Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judiziala" salatzeko elkarretaratzea egin dute Iruñeko Unibertsitate Publikoan Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek, ELAk, Steilasek eta NUPeko Euskara Taldeak. Izan ere, Tuterako Nafarroako Unibertsitate Publikoko kanpusean euskara ez da merezimendu izanen lan egiteko UGT sindikatuak jarritako helegite bat aintzat hartu baitu Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegiak. "Nafarroako berezko hizkuntzak baliorik ez du izanen hortaz, eta aldiz, gainerako atzerriko hizkuntzek bai", gogorarazi du Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak. 

NUPeko Euskara Taldeak egindako azken inkestaren arabera, ikasleen %85ek uste dute unibertsitatea ez dela behar bezala ahalegintzen euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko. Errektoreordeak Euskara Plana badagoela esan bazuen ere "gutxienekoetan oinarritzen dena" dela uste du Kontseiluak eta gainera ez dela betetzen. 

Ikasleei euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaiela salatu dute, are, epaitegietan hartu duten azken erabakia atzerakoia eta euskarafoboa dela gaitzetsi. Nafarrei euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea ziurtatzeko euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaie.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!