UGTk Tuterako NUPen euskararen ezagutza baloratzea eragotzi du

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 6a, 09:01

ELAk kritikatu du UPN kanporatu eta 10 urte betetzear direnean, euskararen egoerak normalizatu gabe jarraitzen duela, eta enplegu publikorako deialdietan ingelesaren eta alemanaren ezagutza baloratzen dela, baina ez euskararena. ELAk euskararen normalizazioaren aurka UGTk duen jarrera salatzen du.

Iruñeko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiak onartu egin zuen UGTk Tuterako Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean administrazio eta zerbitzuetako 8 lanpostu betetzeko oposizio lehiaketa batean euskararen ezagutzaren merezimenduaren balorazioaren aurkako errekurtsoa. Epaiak prozedura atzera bota eta epaimahai kalifikatzaileek euskararen ezagutza kontuan hartu gabe balorazio berria egiteko beharra ezartzen du.

ELAren ustez, onartezina da UPN Nafarroako Gobernutik atera eta hamar urtera euskararen egoera normalizatu ez izana. Indarrean dirau euskararen legeak eta hizkuntza zonifikazioak, eta, gainera, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroan onartu zuen euskararen dekretuak ahalbidetzen du enplegu publikorako deialdietan ingelesa eta alemana jakitea balioestea, baina ez euskara jakitea. ELAk, STEILAS sindikatuarekin batera, helegitea jarri zuen dekretu horren aurka.

ELAk euskararen normalizazioaren aurkako UGTren jarrera salatzen du, UGTk (Afapnarekin batera) 2019an jarritako helegite baten ondorioz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 103/2017 Foru Dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu zituen. Dekretu horrek aukera ematen zuen euskararen ezagutza meritu gisa baloratzeko eremu mistoan, ez euskaldunean eta legeak ezarritako administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan.

ELAren iritziz, horrelako epaiek agerian uzten dute euskararen lege berri bat onartu beharra dela, Nafarroa osoan euskara ofizial izendatzeko eta egungo zonifikazioa ezabatzeko, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!