Aralarren hamabi kilometroko zulorik gabeko aukera mahai gainean du orain Espainiako Gobernuak Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkariak jakinarazi duenez. Hortaz, erabakia atzeratu eginen dela ere adierazi zuen: hurrengo urteko lehen hilabeteetan zuten asmoa Nafarroa eta euskal y-aren lotura zein izanen den zehazteko, baina onartu du Santanok ez dela hala izanen. Arrazoia ez da bakarrik laginketak egiteko arazoak dituztela, baizik, hirugarren aukera bat aztertzen ari direla: Iruñetik euskal y-aren konexiora arteko trenbidea bitan zatitu zuen Santanok: Iruñetik Altsasurakoa eta Altsasutik konexiora artekoa. Lehenengo zatia adostuta dagoela esan zuen, eta laster aurrera eginen duela: Estatu idazkariak adierazi zuenez, kontuan hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzak 2018an egindako alegazio batzuk, eta Iruñetik Altsasurainoko trazadura ere aldatu eginen da. Horrez gain, alegazio horri jarraituz gero, Sakanatik Ezkio-Itsasorainoko trazadura ere aldatuko litzateke, eta bidea mendebalderagotik igaroko litzateke, "Aralarren horren sakon sartu gabe", Santanok zehaztu zuen moduan.