Lagin-zuloak eginen ditu "laster" Espainiako Garraio Ministerioak AHTaren lotura zehazteko

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 18a, 13:15

Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa lotzekoAbiadura Handiko Trenaren lotura nondik izanen den aztertzeko indusketa lanak datozen asteetan abiatuko ditu Espainiako Gobernuak Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun idazkariak gaur jakinarazi duenez. Aralarren izan dituzte zailtasunak lagin-zuloak egiteko, baina aurkitu dute modua: izaera publikoko lur eremuetan edo Nafarroako Gobernuarenak diren lur-eremuetan eginen dituzte katak. 

Iruñean izan da gaur Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun idazkaria Salgaiak trenera izeneko jardunaldian parte hartzen. Komunikabideekin izandako galde-erantzunetan iragarri du "laster" hasiko dituztela Altsasu eta Y-ren arteko eremuan zundaketa lanetan "zehazten hasteko" Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko AHTaren lotura nondik eginen den. Iruñea eta Altsasu arteko zatia aztertua dute %50ean Santanoren esanetan eta zati horren inguruko informazio-txostena 2025eko urte hasierarako prest izanen dutela adierazi du. "Oztopo gehiago izan ditugu Altsasu eta Y-ren arteko loturaren azterketa egiterakoan", onartu du. Aralar mendilerroan lagin-zuloak egiteko baimenik ez dute izan zenbait norbanako eta udalen aldetik eta, orain, aurkitu dute zirrikitua: izaera publikoko lur eremuetan edo Nafarroako Gobernuarenak diren lur-zatietan eginen dituzte azterketa lan horiek. "Zailtasun gehiago du Aralar inguruan lanak egitea. 200 eta 300 metro inguruko sakoneran egin behar dira zundaketak", azaldu du Santanok. 

"Lur-eremu bakoitzak dituen ezaugarriak izanen dira gakoa erabakitzeko nondik eginen duen bidea AHTak", jakinarazi du idazkariak. Ingurumenean sortuko lukeen eragina, alor ekonomikoa eta beharko litzatekeen denbora izanen dira kontuan hartuko dituztenak deliberamendua hartu aurretik. Ez dute asmorik geldirik segitzeko Santanoren esanetan eta ahalik eta gehien azkartuko dituzte egin behar guztiak AHTa albait arinen iristeko Nafarroara. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!