EH Bilduk AHTren zundaketak bertan behera uzteko eskatu du

Unai Lako Goñi 2024ko aza. 18a, 19:38

Tren sozialaren proiektuaren aldeko apustua egin du eta gastua beste inbertsio batzuetara bideratzeko eskatu.

Sakanako, Lautadako eta Goierriko EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute, Altsasun, Abiadura Handiko Trenaren proiektua garatzeko zundaketa eta azterlanak geldiaraztea eta tren sozialaren proiektuaren aldeko apustu sendoa egitea eskatzeko.

Gogorarazi dute Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak duela hilabete batzuk prospekzioak egiteko eskaerak aurkeztu zituela hainbat udaletan. Oihana Olaberria Arakilgo alkateak azpimarratu duenez, "udalek kontrako jarrera erakutsi eta baimenak ukatu arren, Ministerioak zundaketa geoteknikoekin aurrera jarraitzea erabaki du". Orain arte, Otxobin bakarrik egin da. Hala ere, astelehen honetan iritsi da Lakuntzako Udalera xede horretarako lurzoru publikoa erabiltzeko baimen eskaera.

"Chivite kontseilariak iragarri bezala, badirudi udalen gainetik pasatzeko formula aurkitu dutela. Arduragabea iruditzen zaigu, administrazioen arteko lankidetzak lehentasuna izan behar duelako ", azpimarratu du Olaberriak.

EH Bilduren ordezkarien iritziz, egungo trenbide-ardatzeko herritarrei zerbitzua emango dien tren sozial bat martxan jartzea da irtenbidea. «Tren sozial horrek beti ere, trenbide-sarea modernizatzea, tren bidezko salgaien garraioa bultzatzea eta gure herrietako eta eskualdeetako geltokiekiko konexioak eta maiztasunak hobetzea izan behar du oinarri», ohartarazi dute. Ildo horretan, Arabako Lautadako aldiriko zerbitzua martxan jartzeko prozesua azkartzea eta bizkortzea eta egungo korridorea modernizatzea eskatu du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!