Haritz Iribas: "NUPen kalitatea ere jokoan dago irakasleon lan baldintza kaxkarren ondorioz"

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 26a, 08:44

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikerlariak ordubeteko lanuztera deitu dituzte euren egoera prekarioa salatzeko: soldata duinak nahi dituzte. "gertuko unibertsitateetako irakasleek baino soldata eskasagoak ditugu; bigarren hezkuntzan ari direnek baino gutxiago kobratzen dugu", adierazi du Haritz Iribas NUPeko irakasle eta ikerlariak. 11:00etatik 12:00etara eginen dute lanuztea eta protestara aterako dira NUPeko liburutegi aurrera. 

Lanuzteak dituzte gaur irakaskuntzan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak aterako dira kalera. Eta ez da lehenengo aldia. Soldata duinak exijitzen ari dira. Funtzionarioak ez diren horietaz ari gara. "1.200 irakasle eta ikerlari gaude soldata txikiegiak jasotzen", adierazi du Haritz Iribasek, irakasle eta ikerlaria NUPen. Arduradun bikoitza du egoera honek salatzen ari direnez: "Nafarroako Gobernuak badu zer egina honetan eta unibertsitateko errektoretzak ere bai", azaldu du.  

Losu lege berriak zehazten du zenbat diru behar duen unibertsitateak kalitatezkoa izateko. "Nafarroaren etorkizunean inpaktu garrantzitsua izateko: Barne Produktu Gordinaren %1 jaso beharko luke dirutan eta oso urrun daude zifra horretatik. Honek guztiak eragina du kalitatean", argi du Iribasek. Garai beltzagoak ekarriko ditu irtenbiderik ematen ez bazaio Iribasen ustez: "Ikasleen dozentziari begira eta ikerketari erreparatuta ere, garai latzak etor daitezke". 

Ordubeteko lanuztea eginen dute 11:00etatik 12:00etara eta protesta ere bai Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiaren parean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!