Egia osoaren bila segituko dute Mikel Zabalzaren gertukoek

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 25a, 08:03

Polizia indarkeriaren biktima ofizialki aitortu ondorengo lehen omenaldia jaso du Mikel Zabalzak atzo. Orbaizetan, Olan egin diote urtero bezala ekitaldia. 39 urte joan dira Zabalza hil zutenetik. Urteurren horretan goraipatu egin dute aitortza ofizialak dakarrena: "Aurrera pauso garrantzitsua da, zenbait urte atzera eginda ez zuketena esperoko", esan zuen Idoia Zabalza arrebak. 

Urteotan izan dituzten oztopoekin ere akordatu dira Mikel Zabalza gogoratu duten omenaldian. Egia zein izan zen ezagutzeko, urte beltzak pasa behar izan zituztela izan dute gogoan. Irainak eta difamazioak ere tartean izan direla. Aitortza erabatekoa eskuratu ahal izateko, egindako bidean orain ekintzekin laguntzeko beharra nabarmendu dute. Madrilera begira jarrita, eskatu dute, "orain arte oztopo izan diren horiek euren posizioa definitzera eta egiaren bidera gerturatzera". Hartara, klasifikatutako dokumentuak argitara ateratzeko beharra nabarmendu dute. "Desklasifikatuko balituzte zergatik jarriko lukete arriskuan segurtasuna?", galdetu dute Mikel Zabalza gogoan plataformatik. "Giza eskubideen urraketan, torturan eta erailketetan eraikitako Espainia dago horren guztiaren atzean?", hori izan daiteke susmoa. Egia, geroz eta gertuago dagoela ere sinetsirik daude eta ez dutela etsiko hori eskuratu arte.

Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak. Haien eskuetan hil zuten eta haren gorpua Bidasoa ibaian utzi abenduaren 15ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!