Zabalza auziaren desklasifikazioa “segurtasun nazionalarekin” lotu du Espainiako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 9a, 07:07

Mikel Zabalzari 2022an egindako omenaldia (Argazkia: Lohizune Amatria)

Geroa Baiko senatari Uxue Barkosek auzia sekretupetik ateratzeko eskatu du. Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak sekretu ofizialen legea aldatu behar dela aitortu du, baina halaber segurtasun nazionala gardentasunaren gainetik jarri du.

Espainiako Gobernuak ez ditu desklasifikatuko Mikel Zabalzaren auziaren inguruko agiriak. Ez, behintzat, epe motzean. Espainiako Presidentetza eta Justizia ministro Felix Bolañosek ezezkoa argudiatzeko tenorean behin eta berriz aipatu du “segurtasun nazionala”, horren eta Zabalza auziaren arteko lotura azaldu gabe.

Bolañosen arabera, PSOEren gobernua sekretupeko ezein agiri desklasifikatzeko prest dago, baina soilik baldin eta hiru baldintza betetzen badira: Justiziak eskatzea, Gorteetako ikerketa batzorde batek galdegitea eta balizko desklasifikazioak eraginik ez edukitzea segurtasun nazionalean.

Barkos senatariak sekretu ofizialen legearen jatorri frankista oroitarazi dio Bolañosi. “Halako erabaki bat ezin da hartu lege frankista baten arabera”. Geroa Baiko eledunaren arabera, “egun Kongresuan dagoen gehiengoak bideragarri egiten du lege horren erreforma” eta aldaketa hori beharrezkoa da “biktima guztiei begi berberekin begiratzeko”; izan ere, “zenbait biktimari oinarri-oinarrizkoak diren egia, justizia eta erreparazioa ukatzen zaie”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!