Lizarrako festetako txosnak duela 28 urtetik autobus geltoki aurreko aparkalekuan paratu izan dituzte. Aurten, baina, UPNren udal aginte taldeak lekualdatzeko agindu du, Ega ibaiaren ondoko Los Llanos parkera. Hori gutxi balitz, La Bota peñari debekatu egin dio urtero egiten zuen bezala Foruen plazan txosna muntatzea.
"Festak antolatzen hasteko bi aste falta zirenean jaso genuen udalaren mezua, esanez txosnen kokapena aldatu nahi zutela, 28 urtez izan dugun espazio honetatik mugitu eta ibai ertzera, parke ilun batera eramateko, herritik eta jai girotik urrun", azaldu du Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan txosnen eledun Eider Castañedak. "Proposatu duten espazioak eskaintzen dituen baldintzak genituenak baino okerragoak dira, txosnen egoera nabarmenki okertuko lukeen espazio bat da", gaineratu du.
Castañedaren aburuz, lekualdaketa honen gibelean "txosnak bideraezin bihurtzeko erabaki politiko bat dago". Haren irudikoz, "zeharka, UPNren alkateak bilatzen duena da txosnak debekatzea". Salatu duenez, "jarrera hori ez da jaietara mugatzen, UPNk eta PSNk urte osoa baitaramate herri mugimendua itotzen eta euskararekin zerikusia duen jarduera oro zapuztu nahian".
Hartara, udalak jarrera aldatzen ez badu, aurten ez da txosnarik izanen Lizarrako festetan. Txosnen bultzatzaileek mobilizazioak iragarri dituzte: "Joan den larunbatean udaletxe aurreko plazan elkarretaratzea egin genuen udalaren jarrera salatzeko, eta 400 pertsona inguru bertaratu ziren. Festak ostiralean, abuztuaren bian, hasiko dira, eta egun horretan ere manifestazioa egingo dugu".
"Haien ideologiarekin bat ez datorren oro atzera bota nahi dute"
UPNk ez du gehiengo osorik Lizarrako Udalbatzan. PSNren sustenguarekin agintzen du. Gaur goizean egindako osoko bilkuran, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroa alderdiek elkarlanean bi mozio aurkeztu dituzte, udalak txosnekiko eta La Bota peñarekiko jarrera alda dezan, baina biak atzera bota ditu UPNk, PSNren laguntzarekin.
EH Bilduren Lizarrako zinegotzi Mikel Kolomok Euskalerria Irratian azaldu duenez, "erabakiak aldebakartasunez eta modu antidemokratikoan hartzen dituzte, eztabaidari bizkarra emanda".
Kolomok salatu duenez, "jaietan zapuztu nahi dituzte haien ingurukoak ez diren jarduera publiko zein popular guztiak, haien ideologiarekin lotuta ez daudenak bertan behera utzi nahi dituzte, estrategia baten parte bat da hau guztia".