Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023

Xabier Terreros, 'Terre': "Saioa Alkaizak bere bertsogintzak oinarri sendoa duela erakutsi zuen Altsasun"

Miren Mindegia 2023ko aza. 6a, 17:35

Saioa Alkaiza nagusitu zen joan zen larunbatean Altsasun jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoan. Xabier Terreros, Terre, bertan egon zen saioa aldez-alde jarraitzeko.

Gozatu ederra hartu zuen Xabier Terrerosek, Terrek, joan zen larunbatean Altsasun ospatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoan. Saioa Alkaiza nagusitu zen bertan alde nabarmenarekin, eta zuzenean sailkatu da datorren abenduaren 2an Iruñeko Anaitasunan ospatuko den finalerako. 

Terrerosen iritziz saio ederra izan zen eta irabazleak, egungo Nafarroako txapelduna badenak, presioa eta urduritasuna ongi kudeatzen dituela erakutsi zuen, ariketa borobilak eginez, zortziko nagusitik hasi eta bakarkako laneraino. Gainontzeko bertsolariak ere ongi ikusi zituen, bereziki Saats Karasatorre eta Sarai Robles, hain zuzen bigarren eta hirugarren izan zirenak Altsasuko saioan. 

Finalerako zortzikotearen apustua egitera ere ausartu da Terre gurean, izan ere, nahiko argi ikusten ditu nortzuk izan daitezkeen Anaitasunara ailegatuko direnak, tartean Julio Soto eta Illarregi anaiak. 

Heldu den larunbatean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Agoitzen. Hirugarrena eta azkena, aldiz, azaroaren 19an izango da, Lesakan. Bietarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!