“Viana ez al zen Nafarroa?”. Halaxe abestu zuen Julio Sotok larunbatean Vianan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoaren hasieran. Lehenengo aldia zen Bertsolari Txapelketako saio bat bertan jokatzen zela eta bertsozaleek ez zioten huts egin hitzorduari. 170 bertsozale inguru elkartu ziren bertan eta euren onena eskaini zioten oholtzako sei bertsolariei.
Soto nagusitu zen saioan, 380 punturekin, Agoitzen jokatuko den finalerdietarako pase zuzena eskuratuz. Gorritiarraren atzetik, bi puntu terditara besterik ez, gelditu zen Xabat Illarregi (377,5). Ondoren, Ekhiñe Zapiainek egin zuen hirugarren (338), Urko Gartzia (300), Patxi Castillo (294) eta Aitor Irastortza (287).
Sotok 10eko txikiko ariketan eta bakarkakoan eman zuen hoberena. Nabarmentzekoa ere bai Illarregik eta baita Zapiainek ere saio osoan zehar egin zuten lana, maila mantentzea lortu baitzuten. Biek ala biek sailkapen orokorreko lehenengo postuetan sartzea lortu dute saio honetan eskuratutako puntuekin, beraz ongi ekin diote txapelketari.
Gazteak indartsu datozela argi dago Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio honetan, eta hala gelditu zen argi ere hurrengo egunean, igandean, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan ospatu zen hirugarren final-laurdenean.
Bertan, Joanes Illarregi suertatu zen garaile, sailkapen orokorreko orain arteko puntuazio altuenarekin: 384,5. Leitzako bertsolaria aise nagusitu zen igandeko saioan, izan ere, bigarren egin zuen Eki Mateorenari ia 60 puntuko aldea atera baitzion. Hala ere, nabarmentzekoa izan zen Mateorenaren lana ere, are gehiago kontutan hartuta lehenengo aldia duela txapelketan.
Heldu den larunbatean segituko du txapelketak, Leitzan jokatuko den laugarren eta azken final-laurdenarekin. Herri Aretoan izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez eta Fernando Ziganda Urdanpilleta, Ander Aranburu gai-jartzaileak gidatuta.
Guk hurbiletik jarraituko ditugu saio guztien nondik-norakoak, izan ere, Joanes Illarregik Uharten esan bezala, oraindik bidea gelditzen zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari.