Iruritako aretoa bete zuten 140 bertsozale bildu ziren Baztanen, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo final-laurdena saioa zuzenean jarraitzeko, eta hauen artean zegoen Amaia Elizagoien. Bere iritziz, lehen saio honek argi erakutsi du txapelketan izena eman duten gazteak prest datozela, gogotsu, bertso-lehiari ekiteko. Nafarroako bertsogintza indartsu dagoela ere sumatu du Elizagoienek, eta hori nabarmena dela bai proposatutako gaietan baita hauek lantzeko ikuspegi berrietan ere.
Saioak aurrera jarraituko du asteburuan, Xabier Silveira gabe
Hurrengo larunbatean segituko du txapelketak, Vianan jokatuko den saioarekin. Herri horretako Kultur Etxean izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Aitor Irastortza Arrizubieta, Zigor Gartzia Arregi "Zian" gai-jartzailearen aginduetra.
Biharamunean, Uharten izango da saioa, Arte Garaikideko Zentroan. Xabier Silveirak uko egin dio Nafarroako Bertsolari Txapelketan aritzerari, eta haren ordez Ainara Ieregi Aranburu arituko da Uharten, Beñat Astiz Isasi, Eki Mateorena Zozaia, Joanes Illarregi Marzol, Julen Zelaieta Iriarte eta Mikel Lasarte Ciarekin batera. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea arituko da.
Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian.