Saio puntuagarriaren ostean, Sarai Roblesek lortu du puntu gehien (354), eta hortaz, azaroaren 4an Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza (333), Idoia Granizo (328,5), Ekain Alegre Gil (324), Eneko Fernandez (320,5), eta Egoitz Gorosterrazu (291,5).
Hurrengo larunbatean segituko du txapelketak, Vianan jokatuko den saioarekin. Herri horretako Kultur Etxean izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Aitor Irastortza Arrizubieta, Zigor Gartzia Arregi "Zian" gai-jartzailearen aginduetara. Biharamunean, Uharten izango da saioa, Arte Garaikideko Zentroan. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.