Sanferminen lehen lau egunetan hamabost salaketa izan dira eta hamaika pertsona atxilotu dituzte ustezko sexu-erasoak egiteagatik. Erasoak intentsitate anitzetakoak izan dira.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak bisita egin du astelehen honetan, Santos Indurain Osasun kontseilariarekin batera, jaietako osasun eta segurtasun dispositiboa koordinatzen duen SOS Nafarroa aretora.
Remirezek adierazi duenez, "edozein sexu-eraso, edozein adierazpen matxista, sakon gaitzetsi behar da, Nafarroako Gobernuaren eta administrazio guztien aldetik".
Kasu larriena, azaldu duenez, joan den larunbatean gertatu zen, etxebizitza batean emakume bati ustez sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako gizon batekin. Epailearen aurrean agertu ondoren, aske utzi zuten urruntze-agindu batekin. Astelehen honetan, 21:00etan, elkarretaratzea deitu dute Gazteluko plazan.
Salaketa horien aurrean epaitegiek zigorra ezartzeko duten atzerapenaz galdetuta, Javier Remirezek esan du epaitegiak, zehazki Iruñeko guardiako epaitegia, "buru-belarri" ari direla lanean. Gogorarazi du, gainera, datorren urtarrilaren 1ean Nafarroak genero indarkeriaren epaitegi berri bat izango duela.
Media Lunako labankada
Beste gertaera larri bat ere izan da festen lehen erdian: ezezagun batzuek gazte bati eraso egin zioten Media Luna parkean, eta hainbat labankada eman zizkioten. Ildo horretan, presidenteordeak nabarmendu du polizia-kidego guztiak lanean ari direla "arduradun horiek atxilotzeko". Eta ziurtatu duenez, erasoaren egileak "atxilotu egingo dituzte, epailearen esku utziko dituzte eta, jakina, ez dugu onartuko pertsonen bizitza arriskuan jartzen duen horrelako erasorik".
Javier Remirezek, halaber, Gurutze Gorriko profesionalei eta osasun arloko profesionalei egindako erasoa deitoratu du, eta herritarrei "errespetua" eskatu die, "besteekin batera, sakrifikatzen ari diren profesional horiei, gainerako herritarrek jaiez goza dezagun".