PAI hizkuntza eredu izanen da datorren ikasturtean

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urr. 14a, 10:24

PSNk eta Navarra Sumak maiatzean onartutako PAI Legearen garapena da ingelesa ikasteko programa eredu bihurtzea. LAB, ELA, Steilas, ESK eta Euskalgintzaren Kontseilua legearen aurka azaldu dira.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berretsi zuen atzo Nafarroako Parlamentuan. Ingelesa irakasteko PAI programa hizkuntza eredu izanen da 2023-2024 ikasturtean. Maiatzean onartu zuten PAI legearen garapena izanen da urratsa, legeak jasotzen du-eta programako irakasleen plazak finkatu ondoren, programa hori hizkuntza eredu bihurtzeko neurriak hartuko direla.

Horretarako, dekretu berri bat prestatzen ari da gobernua. Baina ez langileen ordezkarien oniritziarekin. LAB sindikatuak prozesu parte hartzailea uztea erabaki du. Steilasek, berriz, irakasleak egonkortzeko Nafarroako dekretuaren aurka errekurtsoa jarri du.

Ingelesa, euskararen gainetik

Atzerriko hizkuntza bat oinarri duen lehenengo eredua izanen da. Baina ez besteen pareko. Merezimenduen kasuan bezala, zonifikaziorik ez baita espero ingelesarentzat. Nafarroako euskal hiztunek pairatzen duten "egiturazko bereizkeriaren" adibide dela salatu zuen Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, onarpenaren aurretik. Gobernuak atzerriko hizkuntzekin duen "obsesioa" kritikatu zuten, halaber, ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek.

PSN eta Navarra Sumaren botoekin onartu zuten, maiatzean, PAI legea. Langileen egonkortzea arautzeaz gain, ingelesa ikasteko programa eredu izaterako bidean jarri du arauak. PSNk egin zuen  proposamena, eta Navarra Sumaren zuzenketak onartu zituzten sozialistek. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak ohartarazi zutenez, “zuzenketek segurtasun juridiko eza areagotu dute”. Legearen bitartez sozialistek akordio programatikoa urratu dutela salatu zuen Geroa Baiko Maria Solana parlamentariak, orduan. "Ingelesa, frantsesa eta alemana, zenbait plazatan euskarak duen estatus bera edukiko du. Hori da kontua, zertarako baliatu duten autogobernua, zer-nolako tranpa egiteko baliatu duten autogobernua", adierazi zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!