Navarra Sumaren eskakizunak onartu ditu PSNk, eta PAI Legea aurrera atera dute

Euskalerria Irratia 2022ko api. 28a, 13:36

PSNko Ramon Alzorriz eta Navarra Sumako Javier Esparza, Nafarroako Parlamentuan.

Ingeles ikasteko programako irakasleak "egonkortzeko" lege proposamena onartu dute parlamentuan, EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren kontrako botoekin. Navarra Sumaren zuzenketekin, PAI eredu bihurtzeko lehenengo urratsa eman da.

Sorpresa gutxi izan dira osoko bilkuran, baina bizia izan da eztabaida hasieratik. Legea haien botoen esku zegoela baliatuz PAI eredu bihurtzeko eta D ereduarekin parekatzeko hiru zuzenketa gehitu dizkio Navarra Sumak. Baldintzak onartu dituzte sozialistek eta Navarra Sumako parlamentariek baiezko botoa eman diote PAI Legeari.

Ingelesa ikasteko programetako plazak eskuratzeko C1 maila ezinbestekoa izanen da, aurrerantzean, deituko dituzten oposizioetan. Atzerriko hizkuntza bat bertako bi hizkuntzen gainetik ezarri dute, bi irakasle gorputz sortuz.

Eskuinekoen zuzenketak onartuz, gainera, legeak PAI eredu bihurtzeko lehenengo oinarria ezarri du. Momentuz, programa den bitartean, edozein udalerrietako familiei garraioa eta jantokia ordainduko zaie. D ereduan gertatzen den bezala, zehaztu dute Navarra Sumakoek. Hori izan baita eskuineko Pedro Gonzalez parlamentariak egin duena, D ereduaren aurka egin: “D eredua da segregazioa eragiten duen bakarra”. Gainera, egonkortzen diren irakasleak programa horri berariaz lotuta egotea eta gaztelaniazko edo euskarazko plazetara aldatu ezin izatea ere onartu ditu PSNk.

Eztabaidan, PSNk hartu du lehenik hitza PAI Legearen beharra argudiatzeko. Haren gobernukideen aurka gogor egiteko erabili du hitza, ordea, Inma Jurio sozialistak. Orain arte erabili dituzten elkarren aurkako diskurtsoak aldatu dituzte. Geroa Bairi eta EH Bilduri hizkuntza aniztasunaren aurka egotea eta zentralistak izatea egotzi die. Autogobernuaren defentsa irmoa egin dute sozialistek eta eskuineko parlamentariek. Plazak egonkortzeko, funtzio publikoko eskumenak erabiltzen ari direla zehaztu die Juriok.

Hori da hain zuen gobernukideen artean zalantza gehien sortu duena. Legearen aplikazioak helegiteak ekarriko dituela uste dute Geroa Baiko Maria Solanak eta Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek. PSNk beste behin Navarra Sumakoen eskakizunen aurrean men egin izana kritikatu du Solanak, gainera; eta, atzean, akordioren bat egon daitekeela iradoki du: “Noiztik datorren ez dakigu, baten bat gezurra esaten ari da”.

Gobernukideen iritzi berekoa da EH Bildu, eta PAI betikotu nahi izatea egotzi die PSNri eta Navarra Sumari, zehaztuz autogobernuaren eta aniztasunaren defentsarekin mozorrotzen ari direla diskurtsoa.

Urgentziaz tramitatu dute legea parlamentuan, irakurketa bakarrean eta batzordean bozkatu gabe. Hala, azkartu egin dira epeak eta Geroa Baik eta Ahal Duguk eskatutako txosten juridikoa ezagutu gabe eman da bozketa.

Nafarroako Kontseiluak legearen aurka egingo balu, erantzukizuna onartzeko prest ote diren galdetu die Ruizek: “Kontrakoa bada, dimisioa aurkeztuko duzue?”. Sozialistek ez dute erantzunik eman.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!