Itxura guztien arabera, gaur onartuko dute Ingelesa eredu bihurtzeko lehenengo urratsa izan daitekeena. Nola dakusazue Kontseiluan?
Honek erakusten du batetik maiatzaren 7an are gehiago bete behar ditugula kaleak. Gobernu honek jarraitzen du bere garaian UPNren gobernuak abian jarri zituen estrategiak. Ikusi dugu dekretuan zer egin nahi duen. Gogoan hartu behar dugu ere bere garaian PAI sortu zenean, orduko lehendakari Barcinak esan zuena Madrilgo telebista batean: eredu hau dela euskarazko ereduaren hedapenari galga jartzeko tresna. Are gehiago, hau ez da bakarrik Nafarroan gertatu, programa hau asmatu egin zuten lurraldeetako berezko hizkuntzetako irakaskuntzari galga egiteko. Nafarroan ere bai. Larria, oso larria da.
Oso larria da gaur egun oraindik milaka nafarri ukatzea euskara ezagutzeko eskubidea. Baita nozio txiki batzuk ere. Alegia, gaur egun Nafarroan milaka ikaslek ez daukat inolako noziorik euskararen inguruan, eta aldiz berezko eta ofiziala ez den hizkuntza batean oinarritutako programa eredu linguistiko bihurtu nahi dute. Oso larria da, benetan, oso larria da.
Maiatzaren 7ko manifestazioa hau salatzeko ere erabiliko dugu, baina alderdiei ere deia egin behar diegu. Uste dugu ezin direla erabili gehiengo parlamentarioak herritarren eskubideen kontra jotzeko; eta, beraz, honen kontra dauden alderdiei eskatzen diegu bestelako presioa baliatzea.
"Eskubideak guztiontzat" manifestua aurkeztu eta atxikimendua agertu diote Nafarroako hainbat eragile sozialek. Zer dio sinatu duten manifestuak?
Ertzetako eragileak dira nolabaiteko edo bestelako gizarte eredu baten alde lan egiten duten eragileak, eta beraiek ere pentsatzea hizkuntzarena erdigunean kokatu beharreko gai bat dela pozgarria da. Hizkuntzaren afera ere badela, gizarte justuago, gizarte kohesionatuago edo berritzaileago bat eraikitzeko ardatza. Gure ustez hori elementu positiboa da, ez baitira normalean euskalgintza delakoen euskararen beharretatik hitz egiten dutenak. Eragile horiek ere esan dute hizkuntzaren esparruan herritarrak ezin direla gutxietsi, eta hori da nolabait adierazpenak jasotzen duena.
Nola sinatu daiteke manifestua?
nafarroa@kontseilua.eus helbidera mezua bidaliz. Pozik gaude erantzunarekin. Atzoko agerraldiaren ondoren, beste bi gehiago batu zitzaizkien. Nafarroako Ehgamek bat egin du, esaterako.