Dekretua gobernuaren “supremazismoaren” erakusle dela salatu dute ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek

Euskalerria Irratia 2022ko api. 6a, 12:07

ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroan deitutako manifestazioarekin, eta bertan parte hartzeko deia egin dute. 

Sindikatuetako ordezkariak oso kritiko agertu dira Gobernuak aurkeztu duen dekretuaren zirriborro proposamenarekin. Euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, uste dute Nafarroa osoan hartu behar dela kontuan. Imanol Pascual ELAko ordezkariaren arabera, dekretuak ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, eta horrek desagerrarazten du eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera.

Hori izan da sindikatuaren ekarpenetako bat zirriborroari. Baina ELAk eta LABek azaldu dute, hasieratik bota dituela atzera Gobernuak eurek egindako proposamenak, eta ez, aldiz, gainerako sindikatuek planteatu dituzten neurri “murriztaileagoak”. Sindikatuen iritziz larria da oso ekarpenak sakonki aztertu gabe onartuko dela adierazi izana. 

LABeko ordezkari Imanol Karrerak azpimarratu du, herritarren hizkuntza-eskubideak irizpide geografikoen mende ezartzeren ondorioz, eremu mistoko 14 lanpostuk bakarrik izanen dutela euskarari ematen zaizkion “hondarrak” jasotzeko “zortea”. Gobernuaren jarrera “supremazistaren” erakusle da hori, haren iritziz.

Bestalde, Maitane Urabaien STEILASeko ordezkariak azaldu du Gobernuak atzerriko hizkuntzekin duen obsesioa hezkuntzan ere islatzen ari dela. Arrisku berri batez ohartarazi du: “Hezkuntza publikoko lanpostuetan ingelesaren derrigorrezko ezagutza ezarri nahi dute•. STEILASeko ordezkariak azaldu du euskal hezkuntzari trabak jartzen zaizkion bitartean, euskararen beraren hedapena sustatu ez den bitartean, Gobernuak PAI eredua inposatu eta egonkortzeko estrategiari ekin diola. 

Nafarroako ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkariek adierazi dute bat egiten dutela Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitu duen mobilizazioarekin. Manifestazioa Antoniutti parketik hasiko da arratsaldeko 17:30ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!