Ingelerazko irakasleen egonkortasunarekin estalita sozialistek men egin diote eskuinaren asmoari, PAI eredu bihurtzeko lehenengo urratsa emanez. Urgentziaz tramitatutako PAI Legearekin egin dute, gobernukideen gainetik, segurtasun juridikoaz dituzten zalantzak argitzeko denborarik eman gabe. Nafarroako Kontseiluari txostena eskatu diote Geroa Baik eta Ahal Duguk.
Legearen aplikazioak helegiteak ekarriko dituela ohartarazi duzue.
Sindikatuei entzun nien atzo eta guk ere zalantza berbera izan dugu: oso agerikoa iruditzen zaigu honek baduela mamia Estatuko Abokatutzak begiratu dezan. Foru lege bat da, zailagoa da salatzea. Guk beti defendatu izan dugu foru legeen balioa eta Nafarroako Parlamentuak erabakitzen duenaren gainetik egotea Estatua errebisatzen eta errekurtsoa jartzen. Hori ezin dugu ukatu. Baina ikusiko dugu, denetarako daude lupa jarrita gurekin, ez dakit honetarako ere horrela egonen den abokatutza.
"Harritzekoa dena da berme juridikoak beti ahoan dituztela, oraingo honetan beste nonbaitera begiratu nahi izatea eta autogobernua bihurritzea euren interes politikoetarako"
PSNren proposamenak oso argudio juridiko ahulak zituen eta puntu zenbait nahikoa kezkagarriak. Baina gehituta atzo onartu ziren Navarra Sumaren hiru zuzenketa, iruditzen zaigu legeak ez duela ez hankarik ez bururik juridikoki. Zer eragina izango duen honek Nafarroako hezkuntza sisteman ikusteke dago.
Autogobernuaren defentsa irmoa egin dute sozialistek. Inma Juriok salatu zuen orain arte ez bezala, Espainiara begira babestu duzuela ezezko botoa.
Orain arte Espainiaren bide beretik egin duten alderdiek, batez ere Alderdi sozialista, pandemiarekin eta neurri ekonomikoekin, gainditu nahi izan dute Estatuko oinarrizko lege bat, estatuak behartuta daudelako adierazita. Hau da, estatuan Izeta legea onartu egin dela eta horregatik behar dela egin hau horrela errespetatu gabe beste lege basiko bat. Guk ez dugu defendatzen estatuak gure gainetik eduki behar duenik legerik. Guk beti adierazi izan dugu, nik uste dut horretan ez dagoela inongo zalantzarik, abertzaleak garela. Harritzekoa dena da berme juridikoak beti ahoan dituztela, oraingo honetan beste nonbaitera begiratu nahi izatea eta autogobernua bihurritzea euren interes politikoetarako.
"Erakutsi digute kolore bakarreko kontseilariak eta presidentea izanen balira bezala funtzionatzen dutela. Hori kezkagarria da. Koalizio gobernu bat gara, akordio programatiko bat daukagu, eta ez dira betetzen ari"
Hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana, zenbait plazatan euskarak duen estatus bera edukiko du. Hori da kontua, zertarako baliatu duten autogobernua, zer-nolako tranpa egiteko baliatu duten autogobernua. Adierazi digute bi urte eta erdiz aritu direla Ministerioarekin lotu nahian bestelako soluzio bat egoera honetarako, PAIren ezarketa derrigorrezkoa eta kontrol gabekoak eragin duen egoera honetarako, eta Ministerioak ezetz esan die. Orduan autogobernutik heldu diote. Bigarren platera. Zinismo handia eta gezurrak tartean. Haserre eta penatuak gaude. Larria da, honek izango ditu ondorio latzak, seguru aski. Gobernuko kideak gara, eta atzo kontseilaria irten zen parlamentutik, PAI eredu egiteko lege bat esku artean zeukala, kolore bakarreko gobernu baten kontseilaria izanen balitz bezala.
Ondorio horiek gobernu barruan gertatu daitezke?
Errealitate bat da, hor dago zatiketa. Aspaldidanik dator, ikusi genuen beste atal oso adierazgarri bat hitzarmen ekonomikoaren bozketarekin eta horren inguruan gertatu zen guztiarekin, Madrilgo Lan erreformaren negoziaketan. Erakutsi digute kolore bakarreko kontseilariak eta presidentea izanen balira bezala funtzionatzen dutela. Hori kezkagarria da. Koalizio gobernu bat gara, akordio programatiko bat daukagu, eta ez dira betetzen ari. Aldebakartasunez ari da aurrera agiten PSN. Guk baditugu barne mekanismo batzuk, Jarraipen Batzordea eta akordio programatikoaren errebisioa egiteko mekanismoa. Horrek zer-nolako eragina izan dezake gobernuan? Ikusiko dugu; baina, berez, eragina jada badu gizartean, eta agian hori kezkagarriagoa da.