Euskaraldiaren urtea da aurtengoa eta udazkenerako denbora dexente falta bada ere, dagoeneko lehen urratsak ematen hasi da euskararen erabilera sustatzeko ekimena. Ostiral honetan Nafarroako Artxibategi Nagusian Euskaraldia aurkeztu diete lurraldeko entitateei.
Arlo publiko eta pribatuko eta esparru desberdineko hainbat erakundeetako ordezkariak izan dira gaurkoan: Nafarroako Gobernua, Iruñerriko Mankomunitatea, Osasuna, LAB, EH Bildu, Geroa Bai, Izarra tanatorioa... Zerrenda luzea da.
Ateak itxita eginiko mintegian Euskaraldian nola parte hartu, data gakoak eta enpresa eta erakundeek izan ditzaketen rolak azaldu dizkiete.
Oskar Zapatak, Topagunearen izenean, adierazi du "aurtengo berrikuntzak eta lerro nagusiak azaltzeaz gain, aurtengo helburuak" azaldu dituztela entitateen bilera horretan, eta azpimarratu dietela "aurten arlo kualitatiboari" emango diotela garrantzia.
Udazkenean izanen da Euskaraldia sei hilabete barru egingo da: 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da. Hori dela Zapatak azaldu du orain ematen ari diren urratsak "estrategikoak" direla "gero abiadura hartu ahal izateko".
Ana Ollo Herri-Harremanetarako kontseilariak Euskalerria Irratiko mikrofonoan berretsi egin du Gobernuak "euskara eta Euskaraldiarekiko duen konpromisoa".