Nafarroako700 entitatek eman zuten izena azken Euskaraldian. 2.000 arigune identifikatu zituzten eragile eta kolektibo horiek. Aurten ere entitateek parte hartzeko aukera izango dute, ariguneetan. "Ariguneak dira entitateek Euskaraldian parte hartzeko duten modua, euskaraz lasai egiteko guneak", azaldu du Iñaki Sagardoik.
Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere.
Euskaraldia sei hilabete barru egingo da: 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa. Herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dute, eta abestia ekainean aurkeztuko dute, sanferminen aurretik.