Arratsaldeko 16.30an hasi da 22. Korrika Amurrion. Eguraldia ez du lagun izan baina hori ez da oztopo izan ehunka lagun lekukoaren inguruan bildu eta haren atzetik korrika hasteko. Amurrioko Aek euskaltegiko irakasleek eraman dute lekukoa lehen kilometroan.
Artziniegarako bidea hartu du gero eta iluntzean heldu da Balmasedara. Laudio eta Arakaldo aldean amaituko du eguna.
Iruñerrian
Apirilaren bian, goizaldean sartuko da Burunda aldetik Korrika Nafarroan eta lau egun emango ditu bertan. Larunbat goizean iritsiko da Iruñerrira, Berriozarrera hain zuzen ere. Hortik igoko da Alde Zaharrera eta Iturrama, Lezkairu eta Sarriguren atzean utzita Atarrabiara helduko da 10:30ean. Gero, Txantrea eta Arrotxaperako bidea hartuko du eta Zizur eta Noaindik igaro ostean Izarbeibarrerantz eginen du. Hortik joko du Tafallaldera.
Igandean, Goi Erribera eta Erribera zeharkatuko ditu. Gauean helduko da Zangozara eta astelehenean Irunberritik hasita Pirinioak zeharkatuko ditu, Ipar Euskal Herrirako bidea hartuta. Asteartean itzuliko da Nafarroa Garaira eta Erratzun hartuko dute lekukoa baztandarrek. Ultzamarantz eta Larraunerantz joko du gero Irurtzundik hartuko du Deierri eta Lizarralderako bidea eta hortik joko du Arabara.
Larunbat honetan gainera Euskalerria Irratiak zuzeneko saio berezia eskainiko du.