Arabatik, Aiaraldetik abiatuko da 22. Korrika ostegunean. Amurrion izango du hasiera AEK-k euskararen alde antolatutako lasterketa luzeak, 16:30ean. Korrikaren hasiera girotzeko egun osoko jaia prestatu dute. Goizean izanen da txupinazoa eta herrian barna kale animazioa prestatu dute hilaren 31rako.
Hasiera ekitaldia 16:00etan izango da eta Kaitin Allende izango da gidari. Gainera Neomak taldeak kontzertutxoa eskainiko du.
Ordu erdi geroago hasiko da 22. Korrika eta lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek egingo dute.
Gero Bizkairako bidea hartuko du euskararen aldarriak eta iluntzera bitarte Amurrion jaiak segituko du. Bizkaia bidean, lehendabiziko gauaren bila, Korrikak aurrera segitzen duen bitartean, Amurrion jaiak segituko du hainbat kontzertu eta ekitaldi tartean.
KORRIKA hasiera telebistaz nahiz irratiz jarraitu ahal izango da zuzenean.
Nafarroan
Apirilaren bian, goizaldean sartuko da Burunda aldetik Korrika Nafarroan eta lau egun emango ditu bertan. Larunbat goizean iritsiko da Iruñerrira, Berriozarrera hain zuzen ere. Hortik igoko da Alde Zaharrera eta Iturrama, Lezkairu eta Sarriguren atzean utzita Atarrabiara helduko da 10:30ean. Gero, Txantrea eta Arrotxaperako bidea hartuko du eta Zizur eta Noaindik igaro ostean Izarbeibarrerantz eginen du. Hortik joko du Tafallaldera.
Igandean, Goi Erribera eta Erribera zeharkatuko ditu. Gauean helduko da Zangozara eta astelehenean Irunberritik hasita Pirinioak zeharkatuko ditu, Ipar Euskal Herrirako bidea hartuta. Asteartean itzuliko da Nafarroa Garaira eta Erratzun hartuko dute lekukoa baztandarrek. Ultzamarantz eta Larraunerantz joko du gero Irurtzundik hartuko du Deierri eta Lizarralderako bidea eta hortik joko du Arabara.