Korrika "inposatzailea" dela dio Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 28a, 12:39

22. Korrikan parte hartuko du Nafarroako Parlamentuak. Kilometro bat erosi du foru ganberak. Iruñeko Navarra Sumak oztopoak jarri dizkie auzoetako Korrika txikiei, eta espaloietatik egin behar izan dituzte.

“Euskara sustatzearen aldeko aldarrikapena izan beharko lukeena politizatzeko tradizio luze eta tamalgarria” da Korrika Navarra Sumaren iritziz. Kilometroa erosi du foru ganberak. Baina, parlamentuak Korrikan parte hartzearen aurka azaldu da Navarra Suma.

Otsailaren 21eko mahai eta eledunen batzordean adostu zuen Nafarroako Parlamentuak, Navarra Sumaren kontrako botoekin, aurtengo Korrikako kilometro bat erostea. Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin nahi dutenen alde bakarreko ereduaren inposizioa dakar Korrikak, eskuinaren aburuz.

Korrika txikiak, espaloitik

Korrika txikiak ospatu ziren pasa den ostiralean Iruñeko auzo gehienetan. Baina korrika gutxi egiterik izan zuten parte hartzaileek. Javier Labairu Navarra Sumako hiri segurtasunerako zinegotziak ez zien errepidea zabaltzeko baimenik eman, eta espaloietatik ibili behar izan ziren korrikalariak.

Irudi bitxiak utzi zituen ostiral arratsaldeak. Iturraman, esaterako, espaloi estuetatik korrika ibili behar izan ziren haur eta gurasoak, terrazen artean,ia banan banan ilaran. Erraldoiak gordeta utzi zituzten, espaloietan dantza egiterik ez zutelako. Azken ordura arte saiatu ziren AEKko kideak baimenak lortzen. Espaloitik egin zuten, beraz, korrika Donibane, Azpilagaña, Erripagaña Sanduzelai edotaTxantrea auzoetan. 

Larunbatean helduko da Korrika, Iruñerrira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!