Navarra Sumak ez dio Eguesibarko erraldoi konpartsari 22. Korrikari harrera egiteko baimenik eman. Eskuineko hirukoak osatzen du udal-gobernua eta bailarako EH Bilduk egin du salaketa. Konpartsak berak egin zuen parte-hartzeko eskaera ofiziala baina Amaia Larraia alkateak ezezko borobilarekin erantzun zuen "«ekitaldiak, besteak beste, AEKren euskara ikasteko zentroetarako dirua biltzea duelako helburu" eta iritzi diolako ez dela "Udalak herritar guztientzat onuragarritzat jotzen duen jarduera bat".
Abertzaleen koalizioko bozeramaile den Ainara Gonzalez Hervasek salatu duenez, Na+-ek alkatetza duenetik ez da euskararen aurka hartutako lehen erabakia, baizik eta "beste batzuekin bat egiten" duela. Besteak beste euskara arloan Larraiaren gobernuak "8.000 euroko murrizketak" egin dituela gogoratu dute eta horrek eragin duela Parkelagun jolasprogramaren eskaintzak garatzeko, ikastetxeetako sorkuntza lehiaketa garako ikastetxeetan zein familiei "euskararen transmisioari buruzko hitzaldiak" emateko ezintasuna.
Datuei helduta, Eguesibarko EH Bilduk salatu du "bailarako aurrekontu osoaren %0,22 dela" euskarari bidretutakoa eta bertako hizkuntzari bideratutako partidak "%20 jaitsi" direla.
Hala eta guztiz ere EH Bilduren bozeramaileak baikortasun mezua bidali nahi izan du adierazita "atzean utzi behar" dituztela "bailarako euskararen atzerakada eta murrizketa garaiak", eta oposiziotik zein herrigintzatik "gizarte parte-hartzaileago bat sustatu behar" dutela, "kulturalki eta zentsurarik eta inposaketarik gabe bizi dena", hori baita, Gonzalez Hervasen hitzetan, "gehiengoak eskatzen duena".
Honekin batera Eguesibarko EH Bilduk azpimarratu du bere zinegotziek bailara "euskaldunagoa izateko lanean" jarraituko dutela.