Korrikarekin kolaboratzen segitzeko gonbita egin dio AEK-k Nafarroako Parlamentuari

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 19a, 07:43

AEKren ordezkari Xabier Gartzia eta Asier Amondo, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderekin (Argazkia. Nafarroako Parlamentua)

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Asier Amondo eta Xabier Gartzia Korrikaren arduradunak hartu ditu gaur bere bulegoan. Hitzekin lelopean, AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimena martxoaren 31 eta apirilaren 10 bitartean ospatuko da aurten, Amurrion hasi eta Donostian amaituko da.

Bilkuran AEK-ko arduradunek lasterketaren nondik norakoak azaldu dituzte eta Legebiltzarra gonbidatu dute euskararen aldeko ekimen honetan parte hartzen eta laguntzen jarrai dezan. 22. edizio honetarako aukeratutako Hitzekin leloak dioen bezala, “ekintza, inplikazioa eta konplizitatea beharrezkoak dira euskararen alde kontzientziak astintzeko eta helduen euskalduntze prozesua bizkortzeko dirua biltzeko. Euskara hitzetatik ekintzara eramateko unea da”.

Korrika AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimena da, eta Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat lurralde zeharkatzen ditu. Helburua euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea da, baita AEKren euskara ikasteko zentroetan eguneroko lan hori egiteko dirua biltzea ere.

Azken 40 urteetan 21 Korrika ospatu dira. Aurten ekimenak Amurrio eta Donostia lotuko ditu martxoaren 31tik apirilaren 10era, 2.500 kilometro eta hamaika egun “Korrikak beti dakarren euskararen aldeko ilusioa berreskuratzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!