Kazetarien Solasaldia

“Javier Remirezen txioak PSNren betiko hizkuntza politikaren ildoari eusten dio”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko urt. 18a, 13:12

Javier Remirez foru lehendakariordeak atzo hizkuntza politikari buruz zabalduriko txioaren gainean mintzatu gara kazetarien solasaldian, Metropoli Forala saioan, Berria egunkariko Ion Orzaizekin eta Gara berripapereko Martxelo Diazekin.

Remirezen txioak dozenaka erantzun jaso ditu Twitterren. Horietako bat, hona ekarri dugun Oliber Tweet erabiltzailearen arrapostu aski adierazgarria. Lehendakariordearen txioak, gaztelania batuan, honako hau dio: "Nafarroan, hizkuntza politikaren garapenaren markoa Foru Hobekuntzak eta Euskararen Legeak finkatzen dute, eremu bakoitzaren errealitate soziolinguistikoan oinarriturik. Inposiziorik batere gabe, sustapenari bai. Eta hortik aurrera, aukera berdintasuna eta askatasun indibiduala". 

“Zonifikazioaren eta ustezko errealitate soziolinguistikoaren diskurtsoa ezin da kartzela bat izan”, azaldu du Orzaizek. "Inposizioa beste behin ere aipatzen duelarik, ez dakit zeri buruz ari den, hemen gaztelania soilik inposatu baita, eta ez dut uste horretaz ari denik", gaineratu du. 

“Hein handi batean PSNk eta egungo gobernuak darabilen hizkunzta politikaren isla da txio hori, eta hartzen ari diren erabakiak justifikatzeko balio du. Foru dekreturik gabe gabiltza oraindik, eta azkenaldiko oposizioek euskara baztertzen dute”, azaldu du Diazek. "Ez ote den datorrenaren aurrerapena", azaldu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!