Nekane Zibiriainek duela 21 urte hartu zuen Arga jatetxe-tabernaren gidaritza. Filologia ikasketak hasi zituen. Edadetuen egoitzetan hasi zen lanean. Ostalaritza Arrotxapea auzoko Adarra tabernan lan eginez ikasi zuen. Eta hala iritsi zen Arga jatetxe tabernara.
Hasi bezain pronto, Euskalerria Irratian publizitatea egitenhasi zen. Garai haietan, Osasunaren golak gure kontakizunetan “Argagogogogogolaaak” ziren. Halaber, berehala hasi zen auzoko bizitza soziala ez ezik kulturala ere pizten, besteak beste, bertso afarien bitartez. Eta ordutik auzoko euskaltzaleen topaleku izan da.
Arrotxapearrek ez dute Nekaneren lan hori guztiak erraz ahantziko. Eta bihotzez eskertzen dutela erakutsi diote azken egunotan. Joan den hasteko uholdeek kalte handiak eragin zituzten tabernan. Nekane hunkitu egiten da jaso zuen laguntza azaltzeko tenorean: “Hogeita hamar lagun etorri ziren. Auzolan ikaragarria egin zuten. Ez dut hitzik”.
Uholdeek kalte materialak eragin zituzten, eta baita kulturalak ere. Auzoari adio esateko Nekanek hamaika eguneko kultur egitaraua prestatu zuen, kontzertuekin, bertso emanaldiekin. Urak eraman zituen. Baina ez denak. Larunbatean egun osoko ospakizuna egin zuen. Jende gutxi joanen zela uste zuen: “Etortzekoak ziren artistei esan nien lasai egoteko, agian bakarrik egonen ginela. Bain larunbatean ikusi zen tyontakeria hadnia esan niela”. Izan er, larunbatean goiz zein arratsaldez jendetza elkartu zen Bernardino Tirapu karrikan, Arga jatetxeari diosala egitera.
“Argi dago txoko honek auzoari eta auzoko euskaldunei zer nolako zerbitzu ona eskaintzen dien. Oraindik norbait azalduko da honekin segitzeko. Nik ez dut itxaropena galdu”, adierazi du Metropoli Foralean. Ateak itxi ditu, baina itxaropenari zirrikitua utzirik.
Argazki oina: Nekane (behean, lehena ezkerretik) larunbateko festan parte hartu zuten Kinbonbo Brass Bandeko musikariekin. (Argazkia: Kinbonbo Brass Band)