Puy Remirez (ELA): "Ez dugu onartuko abuztuaren 8an ezer bukatzea"

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 31a, 10:09

Puy Remirez ELAren ordezkaria da Siemens Gamesako batzordean. Enpresa ixteko erabakiaren aurkako 24 orduko itxialdi eta baraualdian parte hartzen ari da. Negoziazioak abuztuaren 8an amaitzeko erabakiaren aurrean, esan du oraindik badela “ibilbidea”, horregatik “borrokan” jarraituko dutela.  

San Lorenzoko elizan igaro du gaua Puy Remirezek, Siemens Gamesako beste 24 langilerekin batera, 239 lanposturen defentsan. Gogorra izaten ari dela baina “animoz beteta” daudela ziurtatu du, eta azken asteetan jasotzen ari diren elkartasuna eskertu du: “Indar handia ematen digu”.

Goizeko 11:00etan bukatuko dute baraualdia, eta ordu erdi beranduago Nafarroako Parlamentura eramango dituzte bi astez jasotzen aritu diren sinadurak: “Nahikotxo, kontuan izanda beste lan batzuk egiten ere aritu garela”, haren hitzetan.

Beste lan horietako bat izan da enpresako zuzendaritzarekin biltzea. Zenbait bilera egin dituzte, baina, Remirezen arabera, “zuzendaritzak ez du mugitu bere jarrera: berean jarraitzen du”. Hortaz, haiek ere “berean jarraituko” dutela ziurtatu du: “Ezin dugulako onartu enpresak, bere borondatea bete, eta kostua edozein dela ere, planta ixterik”.

Negoziazioei dagokienez, enpresak jarritako egutegiaren arabera, bi bilera geratzen zaizkie soilik: abuztuaren 6an eta 7an. Epea luzatzea eskatu dute, “gauza guztiak azkeneko bileretan erabakitzen direlako”, eta “oraindik ibilbidea badelako”. Edonola ere, 8koa azkenekoa bada, orduan  kaleratzeak komunikatu beharko dizkietela azaldu du. “Baina ez dugu onartuko abuztuaren 8an ezer bukatzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!