Siemens Gamesaren itxieraren aurkako 18.000 sinadura erregistratu dituzte Nafarroako Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 31a, 18:18

Alfonso Poyo, enpresa batzordeko presidentea, parlamentuaren atean, sinadurekin.

24 orduko baraualdia eta itxialdia bukatu dute Agoizko lantegiko beharginek, eta parlamentura joan dira gero, klase politikoari “hitzetatik ekintzetara pasatzea” eskatzeko. 

Txalo eta oihu artean hartu dituzte San Lorenzo elizaren kanpoaldean Siemens Gamesako 25 langile, 24 orduko itxialdia eta baraualdia bukatuta irten direnean, goizeko hamaiketan. Langileak eskertuta azaldu dira jasotako babesarengatik.

Atzo egin zuten urrats berri hori Agoizko Siemens Gamesako beharginek, lantegiaren itxieraren aurka ekainean abiatu zuten borrokan.

Gaur, berriz, itxialdia amaituta, San Lorenzo elizatik Nafarroako Parlamentura joan dira, eta han azken bi asteetan bildu dituzten 18.427 sinadura erregistratu dituzte; nafar gizartearen babesa inplikazioa erakusten duten sinadurak, haien hitzetan.

Ekintza horrekin, “inplikazioa” eskatu diote klase politikoari: “hitzetatik ekintzetara” pasatzea eta alternatiba bat ematea langileei.

Preseski, Manu Ayerdi Ekonomia Garapenerako kontseilaria enpresako zuzendaritzarekin biltzen ari da asteotan, irtenbideren bat bilatzeko, eta beraz, langileak eskainiko dietenaren zain daudela esan dute. 

Bestalde, enpresa batzordeko kideek ere zuzendaritzarekin negoziatzen jarraitzen dute, eta kontsulta aldia luzatzea da haien helburua, baina enpresak ukatu egin die aukera hori, eta aurreikusitako epea beteko duela esan die; alegia, abuztuaren 8an izango dutela azken bilera. Hala ere, haiek ziurtatu dute ez dutela etsiko. 

Egoera zaila izan arren, eta denbora aurrera doan arren, borrokan jarraitzeko asmo irmoa agertu dute, gogorra bada ere, indartsu daudela ziurtatuta. Hori dela eta, laster bilduko dira, hurrengo mobilizazioak eta ekintzak pentsatzeko, eta ondoren horien berri emateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!