"Horrelakoa da espetxea Ramirez", hitz horiekin erantzun zion espetxeko zaindarietako batek Adur Ramirez de Aldari honek lapurreta egin ziotela salatu zuenean. Horixe da Altsasuko Gurasoak taldeak sare sozialetan zabaldu duena. Horrez gain jakinarazi dute iraileko lehen hamabostaldiko eskutitzak ez dituela jaso itzuli egin dituztelako.
Ramirez de Alda Iruñeko espetxean dago une hauetan. Urtebete eta bederatzi hilabetez Madril aldeko espetxeetan sakabanaturik izan dituzte Ramirez de Alda bera, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz, eta lau hilabetez Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola. Azkeneko asteetan, Zaballako (Araba) eta Iruñeko kartzelatara ekarri dituzte, Espainiako Presondegietako Lege Orokorrari jarraikiz.