Hurbilketarekin pozik agertu dira Altsasuko Gurasoak baina, etxean nahi dituzte

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 10a, 07:45

Sakabanaketari amaiera ematearekin pozik agertu dira Altsasuko Gurasoak, baina denak etxean izan arte lanean jarraitzeko deia egin dute. Laister publiko eginen da gazteak zigortu zituen epaiaren aurkako helegiteen inguruko erabakia, eta ez dute baztertzen beste mobilizazio bat deitzea.

Altsasuko Gurasoak-ek ospatu egin du euren semeen hurbilketa, baina azpimarratu dutenez, haiek etxean nahi dituzte. "Hurbiltzea Presondegiko Lege Orokorretik ondorioztatutako arau orokorraren ezarpenean datza: presoak, posible den guztietan, beren bizilekuetatik gertu dauden espetxeetan egon behar dira. Guztiak Euskal Herrian daudela esateak pozten gaitu, baina oso garbi dugu, esan beharko genuena zera da: etxean daudela, aske".

Sakabanaketa egoerarekin amaitzeak familia guztiek pairatutako "errealitate mingarri, arriskutsu eta izugarria" bati amaiera jartzea izan dela ere gogoratu dute, "duela urte askotik hona Euskal Herriko beste familia asko bizitzen ari den errealitatea", hain zuzen ere. "Gaur zigor gehigarria dela esan dezakegu, baita hau desagertu egin behar dela ere".

Euren semeen askatasunaren aldeko borrokak ez duela etenik ere esan dute. "Hemendik aurrera gure indarra eta ahaleginak gure semeen askatasuna lortzearen alde daude. Gure kasuan, berriz ere, presoaldi prebentiboa kautelazko neurriaren erabilera maltzurra da, beste zigor bat gehitzen da".

Gogogratu behar da Altsasuko gazteen aurkako epaiari ezarritako helegiteak datozen egunetan aztertuko direla, eta azken erabakia edozein unean eman daiteke jakitera. Hala eta guztiz ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak zigorrak mantentzen baditu, Auzitegi Gorena, Konstituzionala, eta Estrasburgoko Giza-eskubideen Auzitegira joko dutela argi dute, "askatasuna lortu arte".

Eremu juridikotik haratago, jasotako elkartasuna behin eta berriz eskertu nahi izan dute, eta aurrerantzean bide beretik jarraituko dutela adierazi dute. "Uda honetan gauza positiboak ere bizi izan ditugu, Euskal Herritik, Kataluniatik eta penintsulako beste herrietatik jasotako elkartasunak ez gaudela bakarrik gogora ekartzen digu, bai eta indarrak batuz aldarrikapenak zehazten direla eta injustizia hau herritarrak jasotzeko prest ez daudela". 

Etorkizunari begira "gizartearen indarrari" dei egiten jarraituko dute: "Injustizia asko dagoela badakigu, eta gure aldetik, gure seme-alaben askatasunaren alde burrukatzen jarraituko dugu, gizarte honen duintasunari egindako gehiegikeria bukatzearen alde. Etorkizunean agian beste mobilizazio bat egingo dugu", aurreratu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!