Bederatzigarren epaiketa eguna izanen du gaur Altsasuko Auziak. Zortzi gazteen abokatuek izanen dute aukera ondorioak emateko eta gazteen absoluzioa eskatuko dute. 10:00etan hasiko da epaiketaren gaurko jarduna eta azken orduko aldaketarik ezean amaiera emanen diote auziko epaiketari. Abokatuen ondorioak entzun eta akusatuen abokatuen azken txostenak jasoko dituzte eta azken hitza emateko aukera ere emanen zaie akusatuei. Gero epaiaren zain geldituko dira.
2016ko urriaren 15eko goizaldean izandako liskarrean zortzi akusatuek ez zutela parte hartu defendatuko dute gaur. Hori baieztatzeko lekukoak izan dituzte eta eurek ere adierazi dute ez zituztela ikusi gau hartan Koxka tabernan.
Fiskaltzak bereari eusten segituko du eta Altsasun gertatutako terrorismoarekin lotzen jarraituko du. Dionaren arabera Ospa Mugimenduarekin lotzen ditu zortzi akusatuak eta Alde Hemendik taldearen ondorengotzat jotzen du, alegia, ETAren mugimendu ahularen parte. Hala, akusatutakoentzat 12 urte eta erdi eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatuko ditu.