Koxka barnean ez zuen liskarrik ikusi ostalariak: argiak itzalita zeuden eta ez zen gertatutakoaz enteratu. Lokala zer nolakoa den definitu zuen epaiketaren hirugarren egunean, eta, haren arabera, ezinezkoa da guardia zibilek esan duten bezainbeste jende egotea: 30 lagun inguru zeuden Koxkan eta 80 zeudela esan dute tenienteak eta sarjentoak; atez ateko distantzia ere lau metro koadrokoa da eta "gehienez ere 10 pertsona" sar daitezke bertan, haiek askoz lagun gehiago zeudela adierazi badute ere.
Koxkako jabearen txanda iritsitakoan izan zen epaiketako une surrealistetako bat: ustez berak egindako deklarazioa erakutsi zioten Koxkako jabeari, baina hark ez zuen bertan zegoena esan, areagoa, dokumentuak ez zuen sinadurik. Orain, normalena litzateke dokumentu horrek baliorik ez izatea.
Guardia Zibilaren bitartez egin nahi izan zuten dena
Foruzaingoa ere epaile aurretik pasa zen atzo, Altsasun ikusitakoa kontatzeko. Liskarraren ostean, sarjentuak jendea atxilotu nahi zuela esan zuen deklaratu zuenetako batek. Azkenean, Foruzaingoaren aginduz, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz identifikatu zituen.
Foruzaingoa izan zen, gainera, hasieran, ikerketa eraman behar zuena, eta, beraz, Maria Jose Naranjo guardia zibil baten bikoteari deklarazioa hartu zion ospitalean. Gainontzekoek, baina, Guardia Zibilaren aurrean deklaratu nahi izan zuten.
Lehen atestatua foruzainek egin zuten eta, Foruzainen arabera, ez da ohikoena.