Bost auzipetu Koxkan zeudela esan du guardia zibil batek eta beste hiruak ote zeuden ez dakiela

Euskalerria Irratia 2018ko api. 17a, 13:16

Argazkia: Altsasuko auzia 'justiziaz' epai dadin Iruñean larunbatean egindako mobilizazioa.

Koxka taberna "abertzalea" ez zela eta "jende normala" joaten zela adierazi du ustezko erasoa bizi izan zuen guardia zibiletako batek, tenienteak. Zenbat edan zuen ez dakiela ere esan du.

Bere bizitza "arriskuan" ikusi zuela adierazi du Altsasuko auzia medio Audientzia Nazionalean deklaratu duen guardia zibiletako batek, tenienteak, hain justu, gerora ospitalean hautsitako orkatila bat izan bazen ere eragindako kalte larriena, ustezko liskarraren ostean.

Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Koxkan egon ziren, haren hitzetan, baina bestelakoa da gazteen bertsioa: Unamunok adierazi du egon bai, baina ez zuela liskarrean parte hartu; Ramirez de Aldak, etxean zegoela, eta ez zeramala Guardia Zibilak dion arropa; Arnanzek, 03:30ak aldera alde egin zuela, eta ez zela iskanbilan sartu; eta Cobek eta goikoetxeak, liskarra izan ostean joan zirela Koxkara. 

Aritz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo Koxkan ote zeuden ez dakiela esan du guardia zibilak, baina ezagutzen zituela, "lan kontuengatik".

Auzipetu bakoitza non zegoen oroitzen dela ziurtatu bai, gero, ordea, ez da gai izan zehazteko zenbat edan zuen, ez eta zehazki zein edari hartu zuen ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!