Aurrekontuei egindako zuzenketak aztergai gaurtik hasita

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 11a, 08:32

>UPN eta PPren zuzenketak onartuz gero 109 milioi euro gehiago beharko lirateke eta ezusteetarako baliagarria den kontingentzia fondoa erabiliko lukete diru hori ohiko aurrekontura bideratzeko. 
>PSNk 250 zuzenketa aurkeztu dity 130 milioi euroko aldea izanen luketenak. 

Ezustekoetarako dirurik gabe utziko lukete Nafarroako Ogasuna UPN eta PPk eta gainera, 109 milioi euro gehiago beharko lituzkete euren proposamenak aurrera egin ahal izateko. Kontingentzia fondoa izenekotik bideratuko lukete erregionalistek eta popularrek dirua euren proposamenak bideratu ahal izateko baina hala, Nafarroan larrialdi edo ezustekoren bat gertatuko balitz ez legoke dirurik horri aurre egiteko.

Kontingentzia fondoak 15 milioi eta erdi ditu eta UPNk 94 milioi eta erdiko neurriak planteatu ditu fondo horretatik hartuko lituzkeenak eta PPk berriz 15 milioi eta 700 mila eurokoak. Gaur hasiko da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei jarritako zuzenketen eztabaida eta bozketa parlamentuko batzordean eta ez du ematen bi alderdi horien proposamenek aurrera egiteko nahiko babes izanen dutenik. Eta, diru gehigarri hori nora bideratu nahi dute bi alderdi horiek? Bada, euskararen sustapenerako laguntzak murriztuko lituzkete, ETAren biktimei babes emateko diru partida handituko lukete, Erriberara diru gehiago bideratuko lukete eta hezkuntza pribatu eta hitzartuari ere gehiago emanen liekete.

Alderdi sozialistak 250 aldaketa 

PSNk ere aurkeztuak ditu zuzenketa partzialak. Guztira 250 dira eta batez ere "oparotasuna" ziurtatzera jo dutela nabarmendu du alderdi horrek. "Herritar guztiei iristeko eta herrialdeko toki guztietara bideratzeko" proposamena da alderdi sozialistarena, "garapen ekonomiko eta soziala eta zerbitzu publikoak indartzera" bideratuko lituzkete 130 milioi euro gehiago. Horrez gain, Foruzainen kasuan aurretikako jubilazioak aukera gisara aztertzeko edota terrorismoaren biktimei 30.000 euroko diru partida ere aurreikusi dute zuzenketa horietan. 

Zenbait zerga aldatzeko lege proposamena ere gaurtik aurrera eztabaidatzen hasiko dira parlamentuko batzordeetan. 

Abenduaren 21an azken onarpena izanen dute

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak abenduaren 21an onartuko dituzte eta baita zerga erreformari ezarritako neurri sorta ere. Egun horretan eginen dute parlamentuan aurtengo azken osoko bilkura eta bi gai horiek itxitzat emanen dituzte. Gobernuak egindako proposamenak 4.157.610.426 euro aurreikusi ditu eta joan den azaroaren 8an onartutako proposamena izan zen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!