127 milioi gehiago jasotzeko zerga erreforma proiektua onartu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 4a, 20:06

>Aitorpenen % 62k kopuru bera edo gutxiago ordainduko dute.
>Errenta, Sozietate, Ondare eta Hidrokarburoen gaineko zergetan egindako aldaketen eskutik iritsiko da ingresoen igoera.

Mikel Aranburu Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren kalkuluen arabera, 86.641 zergadunek zerga gutxiago ordaindu beharko dute. 105.685 zergadunek ez dute zerga aldaketa nabarituko eta errenta handienek (115.110 guztira) bai ordaindu beharko dute gehiago. "Nik nahiago nuke guztiek gehiago ordaindu behar izatea, jendeak errenta handiak izango lituzkeela adieraziko lukeelako", aipatu du Aranburuk.

 

Nafarroako Gobernuak zenbait zerga eta beste zerga-neurri batzuk aldatzeko Foru Legearen proiektua onartu du gaurko bilkuran, eta Nafarroako Parlamentura bidali du bertan eztabaidatu eta onartzeko. adierazi du Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren artean hitzartu dela edukia. Guztira, hamar foru lege aldatuko dira eta horietan hainbat zuzeneko zerga aldatuko ditu proiektuak; besteak beste errenta zerga, ondare zerga, sozietate zerga eta hidrokarburoen zerga berezia.

Aldaketen ondorioak 2016ko PFEZaren atxikipenetan nabarituko dira, bai eta 2017ko aitorpenetan ere. Gobernuaren arabera, zerga-hobekuntzen asmoa "progresibitatea hobetzea" da, zerga-presio handiagoa ezarriz errenta gero eta handiagoa denean, eta "enpresen fiskalitatea beren emaitza ekonomikoekin bat etortzeko bideak finkatzen ditu; horrekin batera, kenkari berriek susperraldi ekonomikoa eta kalitatezko enplegu egonkorra erraztu ditzatela".

Nafarroako Zerga Ogasunak egindako kalkuluen arabera, zerga-erreformaren aplikazioak 127,18 milioi euroko efektua izango du 2016 eta 2017ko zerga-bilketan: 72,64 milioi PFEZaren tarifa berrietatik etorriko dira (27,2 2016an aplikatutako atxikipenetatik, eta 45,34 2017ko aitorpenetik); 14,43 milioi euro, Ondarearen gaineko Zergan izandako aldaketengatik, eta 2017ko aitorpenean efektua izango dutena; 26,05 milioi, Sozietateetan (2,8 milioiko efektua 2016an, eta 23,25 milioikoa, 2017an). Gainera, Hidrokarburoen Zergan izandako berrikuntzek 14,15 milioiko diru-bilketa gehigarria aurreikusten dute 2016an, eta 2017an aplikatzea aztertzen ari dira. Diru-sarreren igoera horiei esker, Gobernuak abian jarri nahi dituen "politika publikoen finantzaketa hobetuko dira", Nafarroako Gobernua osatzeko programa-akordioa aplikatuz.

 

PFEZ: % 62k berdin edo gutxiago ordainduko du

Errenta Zergan 32.000 eurotik gorako oinarri likidagarriei %0,5 eta %2 bitartean handituko zaie zerga tasa. Lehengo sistemaren arabera, zenbat eta errenta handiagoa izan, familia eta pertsonei semea edukitzeagatik edo ezgaitasuna izategatik ezarritako kenkaria handitu egiten zen. Proposamenak irizpidea hori bateratu du. Gainera, kapital etekinen gaineko zerga-tarteak eta tasak handitu ditu (%19 eta %25 bitartean)

Bestalde, Pentsio Planei egindako ekarpenen muga murrizten da: 5.000 euroan uzten da, eta 7.000 euroan 50 urtetik gorakoentzat, bi kasuetan 1.000 euro gutxiago; 500 euroraino mugatzen da (Sozietateen gaineko Zergan bezala) Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren balioaren gaineko Zergagatik sortutako kenkaria, eta zerga hori konpentsatzen da berriztagarrien ekoizle txikien % 80 baino gehiagoan. Azkenik, Sozietateen gaineko Zergan bezala, entitate lotesleak egindako atxikipenak kentzeko aukera desagertzen da egiaz sartu ez direnean. Aldaketa horiei zergaren zenbait alderdiri eragiten dieten aldaketa tekniko batzuk gehitzen zaizkie.

Ondarea

Ondarearen gaineko Zergaren erreformak tasen egungo tarifari eusten dio, baina mugetan aldaketak egiten ditu: gutxieneko salbuespena 550.000 eurokoa da (800.000 gaur egun); zerga-ordainketaren atalasea 1.000.000 eurokoa da (1,5 milioikoa orain); eta enpresako ondasun nahiz partizipazioko tratamendua dagokion kuotaren % 100eko salbuespenetik kenkarira pasatzen da balorazioko lehen 500.000 euroren kasuan, eta dagokion kuotaren % 80koa, gainerako kasuetan.

Ohiko etxebizitzak salbuetsita jarraitzen du bere balioaren lehenengo 250.000 eurotan. Babes fiskala izenekoa aldatu egiten da: kuota % 65 murriztu ahalko da gehienez (% 75 lehen) PFEZ eta Ondarearen kuotak PFEZaren zerga-oinarriaren % 65 gainditzen badute.

Sozietateen gaineko Zerga

Foru Legearen proiektuak enpresa handien zerga-ordainketa aldatzen du: % 25etik % 28ra pasatzen da. ETE eta Mikroete-etarako, egungo % 23 eta % 19ko tasei eusten zaie, hurrenez hurren.

Entitate guztietarako, % 13ko zerga-lurzorua finkatzen da (kenkarien ondoren ordaindu beharreko gutxienekoa); % 10ekoa da gaur egun. Nolanahi ere, ETEek kuota guztia xurgatu ahalko dute B+Garen kenkariarekin, eta enpresa handiek gutxieneko tasa kenkari horren % 50 kontuan hartuz bakarrik jaitsi ahalko dute.

Gainera, Sozietateen gaineko Zergak kenkarietan zenbait aldaketa sartzen ditu eraginkorragoak izan daitezen: enpleguagatiko kenkaria lanpostua bi urtez mantentzearen mende geratuko da (orain urte bakarra da) gutxienez LGSren 1,5eko soldatarekin; aktibo finko berrietan egindako inbertsioagatiko kenkaria zorrotzagoa egiten da, eta aktiboaren % 10 baino gehiago izan beharko du.

Beste berrikuntza batzuen artean, oinarri negatiboen konpentsazioa % 70era mugatzen da 1.000.000 euroko gutxieneko batekin; kreditu-kooperatibak % 25ean ordainduko dituzte zergak beren kooperatiba eta kooperatibaz kanpoko emaitza guztietan (% 23 gaur egun); eta SICAVek % 1eko zerga-ordainketako tasa bakarra alde batera utziko dute, eta tasa orokorrera pasatuko dira.

Hidrokarburoei buruzko zergaren tasa autonomikoa

Foru Legearen proiektuak karga-tasa autonomikoa berreskuratzen du Hidrokarburo Zehatzen Txikizkako Salmenten gaineko Zergan. 2012an onartu zen, eta urte horretako uztailetik eta 2013 guztian indarrean izan zen.

Denboraldi horretan bezala, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, mila litro gasolina, erabilera orokorreko gasolio eta kerosenoko 24 euroko tasa ezartzen da. Erabilera bereziko eta berokuntzarako gasolioan, tasa 6 euroraino murrizten da mila litro bakoitzeko. Fuel-olioaren kasuan, tonako 1 euroan finkatzen da.

Zerga-berrikuntza horrek ez du efekturik izango garraiolari eta gidari profesionalengan; haiei, karga autonomikoaren aplikazioari dagozkion kuotak itzultzeko eskubidea aitortzen zaie.

Azkenik, Foru Legearen proiektuak aldaketa horiek babesten ditu maila teknikoko beste aldaketa batzuk eginez Oinordetza eta Dohaintzen, Eskualdatzeen eta Dokumentatutako Egintza Juridikoen zergetan, bai eta fundazioen zerga-ordainketetan ere; haietarako, "Sozialki konprometitutako proiektua" zigilua lortzeko beharra indargabetzen da zerga-pizgarriak eskuratzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!